Zita, 2017ko urriaren 1ean izango da
1989an ospatu zen Kilometroak jaiko anagrama |
Gipuzkoako Ikastolen Lurralde Batzarrak atzo hartu zuen erabakia. Erabakia dena den, behin behinekoa da oraingoz. Baina okerrik ezean, abenduan behin betiko erabaki bihurtuko da. Txantxiku Ikastolako arduradunek oso pozik hartu dute erabakia.
Txantxiku Ikastolak berak egin zuen 2017ko Kilometroak jaia antolatzeko eskaera, instalazioak berritu eta erronka pedagogiko berriei aurre egiteko beharrak eraginda. Oñatikoarekin batera, beste hiru ikastolen eskaera zegoen mahai gainean: Urretxu-Zumarraga, Oiartzun eta Billabona-Zizurkilgo ikastolena, baina hartarako izendatuta dagoen batzordeak Txantxiku ikastolaren eskaera lehenetsi du.
Aipagarria da, Kilometroaren ospakizunak ikastolaren 50. urteurrenarekin bat egingo duela, urrezko ezteiak 2016-2017 ikasturtean beteko baitira. Alde horretatik, Kilometroak jaiaren antolakuntza 50. urteurreneko ekintzen baitan kokatzen dute ikastolako arduradunek. Baina hasi dira lan batzuk aurreratzen. Kilometroak Oñatin ospatu zedin aurkeztu beharreko eskaera txostenean balizko ibilbide edo zirkuito bat zehaztu behar zen eta hori egin da. Bere horretan gauzatuko den ala ez ikusteke dago oraindik, segurtasun aldetik duen egokitasuna Herrizaingo Sailarekin kontrastatu behar baita. Baina horretarako eta beste mila xehetasun lotzeko denbora dago, Kilometroak jaia bi urte barru ospatuko baita Oñatin.
Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia gurean ospatzen den bigarren aldia izango da. Eta kasualitatez, 1989an bezala, urriaren lehenean izango da berriro. Orain 26 urte gertatu bezala, 2017ko herriko jaixak ere bereziak izango dira, San Migel eta Errosarixo jaixei Kilometroak jaia batuko baitzaie. Jaiegun guztiak segidan izango dira, hasi irailaren 28 ilunkaratik eta urriaren 2ko Errosarixo Bixamon bitartean.
Aipagarria da bestalde, 2016an ere Kilometroak jaia Debagoienean ospatuko dela, Bergaran hain zuzen. Aurten, Usurbilen izango da.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario