Oñatiko Udaleko Hezkuntza sailak eta herriko ikastetxeek elkarlanean, Eskolako Bidea proiektua martxan jarri dute. Proiektu honetan Oñatiko Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek hartuko dute parte, Urgain Eskolak, Txantxiku Ikastolak eta Elkar Hezi ikastetxeak hain zuzen.
Zer da?
Udala eta ikastetxeak mugikortasun jasangarriaren alde elkarlanean dihardute azken urteotan. Eskolabus egitasmoa arrakastaz ezarri ondoren, mugikortasun jasangarria lantzeko mahaia osatu dute. Udalak Oñatiko Mugikortasun Iraunkorrerako Plana onartu ondoren, mahai honetan Oñatin Eskolako Bidea proiektua garatzeko aukera aztertu da eta martxan jartzea adostu da.
Eskolako Bidea partaidetza komunitarioko proiektua da, eta hezkuntza komunitatean mugitzeko edo joan-etorriak egiteko modu iraunkorragoak sustatzen ditu. Etxetik eskolara eta eskolatik etxera egiten diren joan-etorriak aztertuz, joan-etorri hauek umeek oinez, patinetez edo bizikletaz, eta modu autonomo baten egin ditzatela bultzatu nahi da. Horretarako berebiziko garrantzia izango du ibilbideetan bide-segurtasun baldintza egokiak izatea.
Helburua
Gaur egun eskolarako joan-etorriak motordun ibilgailuetan egiteko ohiturak indarra du herrian eta joera hau aldatu nahi da herriko bide-segurtasuna hobetuz eta ikasleen autonomia indartuz, azken finean espazio publikoa pertsonentzat berreskuratuz.
Nola egingo da?
Proiektua martxan jarri aurretik gaur egun ikasleek eskolarako bidea nola egiten duten jakiteko galdeketa bat egin da. Jasotako datuetan ageri denez, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen artean mugikortasun aktiboa da nagusi (joan etorrien %58tik gora), hau da, joan-etorri gehienak oinez, patinetez edo bizikletaz egiten dira, baina kotxez egiten diren joan-etorriak ere asko dira. Datuei begiratuta, ikasleen %45a oinez doa eskolara, %31 kotxez, %11 patinetez, %10a autobusez eta %1a bizikletaz.
Otsailetik ekainera bitartean garatuko da proiektua, hainbat fasetan banatuta. Lehenbizi ikastetxeetara joateko ibilbide nagusien bide-segurtasun azterketa tekniko bat burutuko da. Aldi berean ikastetxe bakoitzean mugikortasunari buruzkodiagnostiko komunitarioa osatu nahi da, gurasoek, irakasleek eta ikasleek beraien ikuspuntutik egindako ekarpenekin. Ikuspuntu guzti hauek azterketa teknikoarekin kontrastatuko dira eta diagnostiko osatu bat lortuko da, arazoak eta konponbide aukerak hautemango dira, eta ekintza proposamen batzuk azaleratuko dira. Azkenik, arazoak eta konponbide aukerak ikustarazteko esperientzia pilotuak burutuko dira. Ikastetxe bakoitzean zein esperientzia pilotu burutuko den eztabaidatuko da.
Proiektua bukatzeko azken balorazio bat egingo da eta 2015-2016 ikasturterako zein ekintza burutu daitezkeen zehaztuko da.
Ikuspegi hezitzailetik haurren autonomiari buruz egingo den lanketa proiektuaren elementu nagusia izango da. Autonomiak ikasleen autoestimuaren garapena indartzen du, bide-segurtasunaren eta gizabidearen aldeko jarrerak garatzen dira eta herriko inguruak ezagutzea ahalbidetzen du.
Autonomia gehiago izatean, umeek mugikortasun modu aktiboen artean beraien aukera egin dezakete, eta egunero neurrizko jarduera fisikoa egingo dute. Gainera, garraiobide iraunkorrak sustatzen direnez, kutsadura atmosferikoa eta istripu-tasen murrizketa bat emango da.
Laburbilduz, hainbat helburu dituen proiektu bat da martxan jarriko dena: hezkuntza, ingurumena, osasuna, espazio publikoaren balioaren aldarrikapena, elkarbizitza eta sozializazioa besteak beste.
No hay comentarios:
Publicar un comentario