2015-03-05 10:44:40
GABIRIAN ESTREINATU ZEN IGANDEAN, KOPILOTU GISA
Maider Usandizaga, rallysprintean hasi berri den oñatiarra
Igandean hasi zen 2015eko Euskal Herriko rallysprint denboraldia. Gabiriako probak eman zion irekiera aurtengo zirkuituari eta antzinatasuna kontutan hartuta -XVII. edizio-, proba oso egonkortua dela esan daiteke. Guztira 59 auto lehiatu ziren lasterketan eta horien artean, automobilismoko modalitate honetan debuta egiten zuten Maider Usandizaga oñatiarra zegoen.
Maider Usandizaga (Oñati, 1996) txantxikuar gazteak rallysprinten mundua barrutik probatu zuen aurrenekoz, pasaden igandean. Ekain Eizagaetxeberria pilotuarekin batera aritu zen, Mitsubishi EVO V autoan, kopilotu lanak egiten. Arazo mekaniko baten ondorioz, ezin izan zuten proba amaitu baina oso esperientzia berezia izan zela aitortu zuen atzo, Oñati Irratian egindako elkarrizketan.
Legazpiko Euskal Herria plazatik Gabiriako Korta jatetxerako ibilbidea -6,65 kilometro-, hiru aldiz egin behar izan zuten pilotuek. Joxe Francisco Labaka eta Aitor Otaegi izan ziren azkarrenak, hiru itzuliak 14.39 denboran eginda. Eguraldia lagun izan zuten pilotuek lasterketan, ateri mantendu baitzen. Dena den, aurreko egunetan egindako euriaren ondorioz, lokaztuta eta irristakor amaitu zuen bideak. Arazo ezberdinak tarteko, lasterketan parte hartu zuten 59 autoetatik hamalauk, ez zuten atzoko proba amaitu, tartean Ekain eta Maider bikotea zeudelarik. Mitsubishi EVO V auto barruko igoera ikusteko sakatu [hemen].
Automobilismo zalea
Maider Usandizagak, betidanik eraman du barruan automobilismoarekiko zaletasuna: «Egia da gazte mailetan txirrindularitzan hasi nintzela baina etxean beti ikusi dut automobilismoarekiko afizioa eta hein handi batean, horregaitik edo, hurbilduko nintzen ni mundu honetara» zioen atzo Oñati Irratian.
Bestelakoan, proba barrutik bizi izanaren ikuspuntua ere eman zuen Usandizagak: «Era honetako lasterketa ugari ikusi ditut zaletu bezala, baina auto barrutik lasterketa guztiz bestelakoa da». Aurrera begira, arazo mekanikoak saihestu eta ahal den proba gehienetan parte hartzeko helburua dutela esan zuen oñatiarrak, besteak beste.
Kopilotu gaztearekin egindako elkarrizketa entzuteko, sakatu beheko podcast-a:
No hay comentarios:
Publicar un comentario