2015-03-03 11:35:07
ZAINTZA ETA AHOLKULARITZA ZERBITZUAK ESKAINIKO DITU
Hasi da lanean Zubikoa kiroldegiko gimnasioko monitorea
Hainbat bazkide eta erabiltzailek egindako eskariari erantzunez, kiroldegiko gimnasioan monitore zerbitzua jartzea erabaki du Udal Kirol departamentuak. Atzo hasi zen zerbitzua martxan eta uda aurretik, ekainaren 13ra arte egongo da. Ondoren, irailaren 14tik abenduaren 23ra (jai egun eta zubietan izan ezik) eskainiko da zerbitzua. Asier Penabad eta Olatz Igartua izango dira zerbitzua emateaz arduratuko diren monitoreak.
Urtebeteko proba egin nahi du kirol sailak, eta urte amaieran egingo da zerbitzuaren inguruko balorazioa. Kiroldegian gimnasia eta fitness zerbitzuak ematen dituen Egoitek S.L. enpresa bera arduratuko da monitore zerbitzua eskaintzeaz. Zerbitzu berriaren urteko kostua 18.000 eurokoa izango da.
Zaintza eta aholkularitza
Zaintza eta aholkularitza zerbitzuak ematea izango da gimnasioan egongo den monitorearen egitekoa. Alde batetik, aforoa kontrolatu, segurtasuna bermatu, erabilera-araudia betearazi, eta gimnasioko ekipamenduaren zaintzaz arduratuko da.
Aholkularitza mailan, jarduera fisiko osasuntsua sustatzeko, eta gimnasioan dauden makina eta ekipamenduak egoki erabiltzeko aholkuak emango ditu, beti ere modu orokorrean. Ez da aholkularitza zerbitzu pertsonalizaturik emango. Halako beharra duten pertsonak herriko bestelako zerbitzu espezializatuetara bideratuko dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario