viernes, 20 de marzo de 2015

JULEN UMEREZ

2015-03-18 09:20:41
RANKING-EKO LIDERRA DA MOMENTU HAUETAN
Julen Umerezek sasoiko hasi du errepideko denboraldi berria
Ziklokros denboraldia atzean utzita, hilabete eskas daramate errepidean Aloña Mendiko harrobiko ziklistek. Denboraldi hasiera honetan hiru proba baino jokatu ez direnean, Julen Umerez oñatiarra, dagoeneko hasi da bere gaitasunak erakusten. Pasaden igandean esaterako, XXI. Juanjo Zabalaren oroimenezkoa jokatu zen Donostian eta Umerezek laugarren postua lortu zuen.

Errepide gaineko ziklismo denboraldia hasi besterik ez da egin. Azken hiru asteetan Eibar, Errenteria eta Donostiako probak baino ez dira jokatu baina momentuz ikusitakoaren arabera, Julen Umerezek zeresan handia emango duela agerikoa da. Azken urteetan gauza oso onak egiteko gai dela erakutsi du errepidean zein ziklokrosean eta aurten, gazte mailako bere bigarren eta azken urtea izanik, tropel barruan gertutik jarraitu beharreko izen bat izango da, zalantza izpirik gabe. Momentu hauetan 30 punturekin, rankingeko lehen postuan dago Umerez.

Denboraldiko lehen proban, Eibarren, hamargarren postua lortu zuen Umerezek. Errenterian berriz, seigarrena izan zen eta pasaden igandeko Donostiako proban, garailearen ondoren iritsi zen bosteko taldean sartu zen sprintean helmugara. Azkenean laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hala ere, lasterketa bikaina egin zuen Ulma taldeko ziklistak eta probako mendateetan lortutako puntuei esker, mendiko saria Aloña Mendiko txirrindulari txantxikuarrarentzat izan zen.

Larunbatean Antzuolan

Junior mailako ziklisten hurrengo hitzordua larunbat honetan bertan izango da Antzuolan. Uzarragako Igoera entzutetsuan PARTE hartuko baitute Aloña Mendiko ziklistek. Ayastuy taldeak antolatutako probak, 79,5 km izango ditu eta 16:00 hasiko da.

Probako informazio gehiago [hemen].

Julen Umerez, mendiko sariarekin podiumean. Argazkia: www.gtxe.org

No hay comentarios:

Publicar un comentario