martes, 30 de junio de 2015

Aloñako igerilariek hiru domina lortu dituzte Euskadiko txapelketan

2015-06-30 20:05:13
GUZTIAK ZILARREZKOAK, BI NEREA DIAZEK ETA BESTE BAT XABIER URBINAK
Aloñako igerilariek hiru domina lortu dituzte Euskadiko txapelketan
Euskal Herriko txapelketak jokatu ziren joan den asteburuan junior eta nagusien mailan. Aloña Mendik ordezkaritza zabala izan zuen bertan eta orokorrean, emaitza nahiko onak lortu zituzten guztiek. Gehien nabarmendu zirenak, Nerea Diaz eta Xabier Urbina izan ziren. Bien artean, zilarrezko hiru domina lortu zituzten.

Aloña Mendiko igerilariek lan oso ona burutu zuten asteburuan Gasteizen jokatu zen Euskadiko Txapelketa nagusian. Ordezkari gehientsuenak beraien marka onenen bueltan ibili ziren eta hori gutxi balitz, zilarrezko hiru domina eta Espainiako txapelketarako bi minima berri ekarri zituzten etxera.

Nerea Diazek bi domina lortu zituen 50 eta 200 Bizkarrean. Lehen proba 32:75 markarekin amaitu zuen eta bigarrenean, 2:34:14 izan zen bere denbora. Xabier Urbinak ere lan bikaina egin zuen 50 bizkarrean. 29:88 denborari esker, azpitxapelduna izan baitzen bere kategorian.

Ugartek Espainiarako minima

Lorturiko hiru dominez gain, Eric Ugartek egindako lana ere txalotzekoa izan zen. Dominetatik kanpo gelditu bazen ere, 50 eta 100 librean Espainiako txapelketarako minimak lortu zituen txantxikuarrak. 25:84 (50 librean) eta 55:95 (100 librean) izan ziren bere bi erresgistro onenak.

Honenbestez, Aloña Mendik bi ordezkari izango ditu maila nagusiko Espainiako Txapelketan. Nerea Diaz 50 libre eta 100-200 bizkarrean ariko da eta Eric Ugartek 50-100 libre probak egingo ditu. Estatuko txapelketa nagusiak, Bartzelonako Picornelleko igerilekuan jokatuko dira Uztailaren 9tik 12ra.

Diaz eta Urbina, Gasteizen irabazi zituzten dominekin.


No hay comentarios:

Publicar un comentario