martes, 30 de junio de 2015

Xabier Gordoa

ok magazinea

Igeriketa
2015-06-30 09:11:43
HIRUGARREN POSTUA LORTU ZUEN IGERILARI OÑATIARRAK
Denboraldiko lehen podiuma Xabier Gordoarentzat, Santurtzi-Bilbo itsas zeharkaldian
Santurtzi eta Bilbo arteko itsas zeharkaldia jokatu zen igandean Bilboko itsasadarrean. Onesportone taldeak antolatutako igeriketa zeharkaldiak, bigarren ekitaldia bete zuen eta erronka luzean (13,2 km) murgildu ziren igerilari guztien artean onena, Ibon Salazar izan zen. Aipatzekoa, Xabier Gordoa oñatiarrak lortutako hirugarren postua.

35 igerilari ausart soilik bildu zituen igande goizean Santurtzi eta Bilbo arteko Riatlon izeneko zeharkaldiak. Santurtziko herrian hasi eta Bilbo hiribururaino joan behar izan zuten igerilariek. Areatza inguruetan izan zuten helmuga eta Xabier Gordoa oñatiarrak, proba oso txukuna burutu zuen. 13 kilometro pasatxoko (13.251 m.) zeharkaldia izanik, erronkak gustoko dituzten kirolarientzat aproposa zen eta horien artean, Xabier Gordoa oñatiarra ikusi genuen.

Azken urteetan oso maila ona ematen ari da Aloña Mendiko igerilaria udako zeharkaldien egutegian eta aurten, hasi da dagoeneko, emaitza positiboak lortzen. Atzokoa denboraldiko lehen podiuma izan zen txantxikuarrarentzat. Ibon Salazar izan zen lehiakide guztien artean onena eta 2:51:43 osatu zituen 13 kilometro paseak. Bigarren postua, Jaime Elizegirentzat izan zen (2:55:26).

Podiumeko hirugarren posturako lehia oso polita izan zen. Xabier Gordoa eta Mikel Mangasek azken metroetan ahalegin ederra egin zuten postu hori lortzeko eta azkenean, oñatiarra izan zen podiumera igotzeko ohorea izan zuen hirugarren igerilaria. Gordoa 3:12:13 kronoan iritsi zen helmugara. Mikel Mangasek azkenean, oñatiarrak baino hamar segundu gehiago behar izan zuen helmuga zeharkatzeko. Asteburuan Debako itsas zeharkaldian parte hartuko du Gordoak.

Sailkapen ofizialak [hemen].

Gordoa podiumean, saria jasotzen. Argazkiak: Festak.co

No hay comentarios:

Publicar un comentario