Ruper Ordorikak Adarra Saria jasoko du domekan Victoria Eugenia antzokian
2015/06/16
Kontzertu berezia eskainiko du
Ruper Ordorikak kontzertu berezi bezain ahaztezina eskainiko omen du domeka arratsaldean Donostiako Victoria Eugenian. Donostiako Udalak Adarra Saria emango dio oñatiarrari osatutako ibilbidearen eta euskal kulturari eta musikari egindako ekarpenaren errekonozimendu gisa. Kontzertua, sari emate ekitaldiaren baitan kokatzen da.
Domekan, arratsaldeko 19.00etan hasiko den kontzertua benetan berezia izango dela jakinarzi du Elkar argitaletxeak, Ordorikak, lehen diskotik 2014an ateratako Lurrean etzanda diskora iritsi arte, osatu duen ibilbide luzean zehar plazaratu dituen abestien aukeraketa zaindua egingo baitu.
Ruper Ordorikari laguntzen beste lau musikari garrantzitsu arituko dira Victoria Eugeniako emanaldian: Leo Abrahams , Arkaitz Miner, Hasier Oleaga eta Fernando Lutxo Neira, hain zuzen ere. Elkar disketxeko arduradunen hitzetan emanaldi paregabea eta errepikaezina izango ei da.
Ruper Ordorika orain lau hilabete izan zen Victoria Eugenia antzokian. Otsailaren 6an bere azken lana aurkeztu zuen Donostian, guztiz beteta zegoen antzokian. Publikoaren beroa eta bere musika maite dutenen afektua da edozein artistak jaso dezakeen saririk onena baina erakundeen errekonozimendua ere garrantzitsua da, eta hori, domekan gauzatuko da Donostiako Udalak emango dion Adarra Sariaren bitartez.
Donostiako udalak, iaz eman zuen lehen aldiz Adarra Sari hau. Orduan Mikel Laboari eman zion. Aurten, Ruper Ordorika oñatiarrak jasoko du. Sari honekin, 1980an argitaratutako Hautsi da Anphora disko historiko hartatik, gaur egun Ordorikaren ibilbidearen seriotasuna, jarrera artistikoaren modernotasuna eta konpositore gisa egin duen lanaren sakontasuna saritzen da, besteak beste.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario