domingo, 7 de junio de 2015

Corpus Cristi 2015.

goiena

Aurpegi berriekin Corpus Cristiko tradizioari eutsiz

Aitziber Aranburuzabala 2015-06-07 16:11  OÑATI
Egun handia da gaur Oñatin, Corpus Cristiren omenezko prozesioa egin dute mendeetako tradizioari eutsiz. Aurtengoak baina berrikuntzak izan ditu: Iñigo Murgiondok hartu dio dantzarien kapitain lanetan Arkaitz Bengoari lekukoa, eta Ibai Gonzalezek jantzi ditu, berriz, San Migelen arropak, Fernando Diaz ordezkatuta. Urduri baina pozik, ondo bete dute, biek ala biek, egokitu zaizkien ardura berriak.
Urtero moduan, gaur ere, goizeko 10:00etarako jende asko batu da, Santuen irudiak San Migel parrokiara nola sartzen dituzten ikusteko, herritarrak eta kanpotik etorritakoak ere bai; horien artean izan dira, Turismo bulegokoen bisita gidatuan parte hartu dutenak: "Arabatik etorri dira batzuk, eta Tolosatik eta Zarauztik beste hainbat. Turismo bulegoan dugun erakusketarekin hasi dugu bisita. Handik santuak auzoetatik nola ekartzen dituzten ikusten joan gara. Elizan ere izan gara gero eta Santa Ana antzokira etorri gara ondoren nola janzten dituzten ikustera. Gustatu zaie ikusitakoa eta pozik zeuden aspaldi ezagutzen zuten Oñatiko tradizioa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dutelako" kontatu du Jaione Elortzak, Turismo bulegoko langileak.

Santa Ana antzokia lepo beteta

Hamaikak inguruan hasi dira San Miguel eta apostoluak janzten eta hura ikustera herritar asko joan dira; urtero joateko ohitura dutenak batzuk, baina lehenengo aldiz joandakoak ere bai. "Bitxia da une hau ikustea ere. Harrituta nago zenbat jende dagoen. Sekula etorri barik nengoen baina gaur gure lehengusua izango denez San Migel, hementxe gaude familia osoa" kontatu du Ibai Gonzalezek senitarteko batek.
Kontu handiarekin jantzi dute Gonzalez, Paulina Kernstock eta haren taldekoek: "Osagai bakoitza bere tokian ondo kokatuta egin behar da, bestela gero prozesioan min har dezake-eta. Ondo ikusi dut San Migel berria, pozik eta lasai" dio Kernstockek.

Parrokiara gero, eta kalean prozesioa ondoren

Aurreikusi baino denbora gehiago behar izan dute prestaketa guztiak amaitzeko, horiek bukatuta antzokitik Parrokiarako bidea hartu dute, herritarrek egindako pasilloan. Dantzariak joan dira, ohitura den moduan, bidea zabaltzen, oraingoan Iñigo Murgiondok zeraman kolore urdineko jantzia soinean. Hari egokitu zaio dantzarien kapitain lanak betetzea gaur. "Urduri nago baina alboan izan dut orain arteko kapitaina izan den Arkaitz. Hari eta talde guztiari eskerrak, ondo bete dugulakoan nago gure lana. Asko prestatzen dugun asteburua da honakoa, berezia da dantzariendako eta herritarrak ere zain izaten dira".
Parrokian sartu-irtena eginda, ohiko ibilbidea egin du prozesioak erdiguneko kaleetan zehar, herriko plazan borobilduz ekitaldia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario