sábado, 20 de junio de 2015

San Martingo baratza parkea

San Martingo baratza parkean libre dauden 21 aisialdi ortuak esleitzeko prozedura abian jarri da


Eskaerak egiteko epea, ekainaren 29an amaituko da

  Abenduan egin zen zozketan, 53 baratze esleitu ziren eta 21 hutsik geratu ziren. Orain, Alkate Dekretuz, libre dauden aisialdi ortu horiek adjudikatzeko prozedura berria abian jarri da. Aurrekoan bezala, oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira ortuen zozketa eta esleipenean parte hartu ahal izateko: udalarekiko zergak edota beste motako betebeharrak egunean izan behar dira, familia unitatearen kideak ezin dute beste baratza ekologiko baten erabiltzaile izan eta esleipen baimenak irauten duen bitartean Oñatin erroldatuta egon beharko da, errolda aldaketak, ortua lantzeko baimena galtzea ekarriko duelarik. Eskaera adin txikiko batek egiten badu, aitak, amak edo tutoreak abalatu beharko du eta heldua izango da arduraduna
  Lursailen erabilera urtebeterako lagako du udalak eta urtez urte luzatu ahal izango da lagapena, gehienez, bost urteko mugarekin.
  San Martingo baratze parkean libre dauden 21 ortuek 30 metro karratu dituzte bataz beste. Ortuak zozketaz esleituko dira.
  Ortuen onuradunek , 70 euroko kuota ordaindu beharko dute urteko errenta kontzeptuan eta horri, beste 70 euroko fidantza batu behar zaio, udal jabaria egoki erabiliko denaren berme gisa. Izan ere, baratze parkean hainbat gune eta azpiegitura komun baitaude, aldagelak, komunak eta tresneria gordetzeko biltegi etxolak, besteak beste. Era berean, dagoeneko ortuen erabiltzaile direnek osatu duten taldean parte hartuko da.
  Abian jarri berri den ortuen esleipen prozedura, iazko azaroaren 10ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Oñatiko baratza parkea  adjudikatzeko eta kudeatzeko udal araudi erregulatzaileak arautuko du. Dokumentua udaleko web atarian ikusgai dago.
  San Martingo baratza parkean libre diren aisialdi ortuen esleipenean parte hartu nahi duten herritarrek, eskaera, udal bulegoetan aurkeztu beharko dute. Eskaera orriekin batera, nortasun agiriaren fotokopia eraman behar da. Eskaerak egiteko epea, ekainaren 29an amaitzen da.
  Epe barruan jasotzen diren eskaera guztiak errebisatu egingo dira eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko eta ondoren, zozketarako onartuen behin behineko zerrenda argitaratuko da. Erreklamazioetarako epea emango da eta eskatzaileen behin betiko zerrenda osatu ostean ortuen zozketarako eguna finkatuko da.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario