viernes, 26 de junio de 2015

Euskal Herriko Txapelketak

ok magazinea
Igeriketa
2015-06-26 14:33:08
MENDIZORROTZAKO IGERILEKUAN (GASTEIZ) JOKATU DA TXAPELKETA
Bederatzi oñatiar izango dira asteburuan Euskal Herriko Txapelketan
Aloña Mendiko igerilariak, denboraldiko azken txanpan murgilduta daude. Azken asteetan, txapelketa garrantzitsuetan lehiatzen ari dira eta asteburu honetan esaterako, nagusienek Euskal Herriko Txapelketak izango dituzte. Horren harira, Xabier Infante taldeko entrenatzaileak, azken ordua eman zuen atzo Oñati Irratian.

Aloña Mendiko igerilari nagusiek Euskal Herriko Txapelketak izango dituzte asteburuan. Larunbat eta igandean zehar, Gasteizeko Mendizorrotzako instalazioetan jokatuko da lehiaketa eta oñatiarrek bederatzi ordezkari eramango dituzte bertara. Gehienen kasuan, marka pertsonalak hobetzeko asmotan joango dira Gasteizera baina beste batzuen kasuan, Espainiako txapelketa begiz jota izango dute. Nerea Diaz esaterako, dagoeneko sailkatuta dago eta asteburukoa prestakuntza garrantzitsu bezala erabiliko du estatuko proba garrantzitsu horiei begira.

Atzoko elkarrizketan, mezu positiboa helarazi zuen Artzak: «Igerilariak oso kontzentratuta eta ondo ikusten ditut». Hala ere, proba egunean faktore guztiak kontrolpean izatea oso zaila dela ere onartu zuen. «Igeriketa oso kirol zorrotza da eta egun txar batek edo biraje txar batek urteko lan guztia pikutara bota dezake». Ildo horretan, 50 metroko igerilekuan aritzeak abantaila izan dezakeela ere gogorarazi nahi izan zuen: «Azkenaldian akats ugari egiten ari gara birajeetan eta asteburuan behintzat, igerileku luzea izanik, horrelako gutxiago egin beharko ditugu».

20 kilometro astean

Aloña Mendiko igerilariek 20 kilometro egin dituzte batez beste asteko azken 10 hilabeteotan. Asko dirudien arren, Infantek kontrakoa adierazi nahi izan zuen. «Txapelketan izango garen taldeen artean, agian, gutxien entrenatzen dugunak izango gara. Beste talde batzuk astean 60 kilometro egiten dituzte bataz beste».

Artzak zortzi igerilari izango ditu asteburuan bere esanetara. Josune Odriozola izango da bederatzigarren ordezkaria baina kasu honetan, Konporta taldeaz lehiatuko da txantxikuarra. Hauetxek izango dira Aloña Mendiko espedizioa osatuko duten igerilariak: Xabier Urbina, Eric Ugarte, Iñaki Guridi, Josu Arenaza, Aitor Diaz, Nerea Diaz, Nagore Redin, eta Nerea Elorza.

Atzoko elkarrizketa entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:


No hay comentarios:

Publicar un comentario