Triatloia
2015-06-10 11:15:00
ANTXINTXIKA TALDEAK BI GIZON SARTU ZITUEN PODIUMEAN
Mikel Ugarte hirugarren, Aritzalekuko triatloian
Maiatzean eman zitzaion hasiera aurtengo triatloi denboraldiari eta dagoeneko, hainbat triatloi jokatu dira Euskal egutegiaren barruan. Azkena, pasaden larunbatean bertan Leraten (Nafarroa). Aritzalekuko sprint distantziako triatloian, Antxintxika taldeko Mikel Ugarte oñatiarrak, hirugarren postua eskuratu zuen. Asteburukoa, triatloi denboraldian lortu duen hirugarren podiuma izan da Ugarterentzat. Aurretik, Gandian (bigarren) eta Getarian (hirugarren) izan baitzen.
Mikel Ugarte triatletak, Aritzalekuko triatloian parte hartu zuen pasaden larubatean. Lerateko herrian jokatzen den triatloiak, bere hamahirugarren edizioa osatu du asteburuan eta sprint distantziako lasterketan, Mikel Ugarte oñatiarrak lasterketa bikaina osatu zuen. Bizikletan izan zuen arazo mekaniko bategatik izan ez balitz, garaipenetik oso hurbil ibiliko zela argi utzi baitzuen.
Ia 200 kirolari elkartu ziren guztira, sprint distantzian lehiatu zen probara. 750 metro igerian, 20,5 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika. Mikel Ugarte oñatiarrak, orokorrean lasterketa bikaina osatu zuen. Igerian eta bizikletan oso indartsu agertu zen. Hala ere, arantza txiki batekin itzuli zen etxera. Izan ere, bizikletako sektorean lasterketa buruan zihoala, ibilbideko 15. kilometroan katea irten eta aurreko laukotearekiko 30 bat segundu galdu zituen. Eta bizikletako azken kilometroetan aurrekoak harrapatu nahian bakarrik egindako ahaleginak, min handia egin zion korrikako azken partzialean.
Azken trantsiziora, aurrekoekiko 10 segunduko atzerapenarekin iritsi zen Ugarte. Hala ere, aldaketa ziztu bizian egin eta lehenengo irten zen korrikako ibilbidera. Dena den Iñaki Loinaz eta Mikel Mujikak segituan egin zuten bat oñatiarrarekin eta hau oso justu zihoala ikusirik, erritmoa behin eta berriz aldatu eta txantxikuarrak azken erasoari ezin izan zion jarraitu. «Bizikletan ahalegin handia egin nuen azken 5 kilometroetan lasterketa burua harrapatzeko eta horrek faktura pasa zidan korrikako partzialean» aitortu digu triatletak.
Bestelakoan, igeriketako aurreneko partzialean, triatleta guztien arteko denbora onena egin zuen Ugartek (11:28). Bizikletako kilometroak berriz, 36:52ean osatu zituen eta korrikako bost kilometroak berriz, 18:36ean egin zituen. Erregulartasun horri esker, helmugara hirugarren postuan iritsi zen Ugarte (1:08:16). Probako gizonik azkarrena Iñaki Loinaz (1:07:43) izan zen eta bigarren postua, Antxintxika taldeko Mikel Mujika bergarrarentzat izan zen (1:07:45). Sailkapen ofizialak [hemen].
Espainiako txapelketa helburu
Aurrera begira, Ugartek bi aste barru Pontevedran jokatuko den Elite mailako Espainiako txapelketa begiz jota dauka. «Sprint distantziako lasterketa eta akuatloian parte hartuko dut eta gonbidapen hau, niretzat sari handi bat da» esan digu. Hala ere, Galizia aldera joan aurretik, asteburu honetan bertan, Donostiako triatloian parte hartuko du Antxintxika taldeko oñatiarrak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario