miércoles, 4 de noviembre de 2015

Josu Odriozola

OK MAGAZINEA

2015-11-04 20:37:50
3:22:06 KRONOAN AMAITU DU LASTERKETA
Josu Odriozola oñatiarrak, New Yorkeko maratoia egin du
Oñati triatloi taldeko Josu Odriozolak, New Yorkeko maratoia osatu zuen pasa berri den igandean. 3:22:06 kronoan gurutzatu zuen helmuga txantxikuarrak eta azken kilometroetan arazo muskularrekin ibili bazen ere, pozik eta gustora amaitu zuen mundu mailako maratoi entzutetsuena.

Igandean lehiatu zuten New Yorkeko maratoiak, inoizko parte-hartzaile kopururik handiena pilatu zuen. 50.000 korrikalaritik gora elkartu zituen asko eta askorentzat, distantzia mitiko honetako errege den lasterketak. Eta lehian izan ziren korrikalari guztien artean, Oñatiko herriak, ordezkari bat izan zuen bertan. Josu Odriozolak bere kirol ibilbideko seigarren errepideko maratoia osatu baitzuen New Yorken.

Ostiralean abiatu zen etxetik Estatu Batuetara Odriozola eta igandean maratoia egin ostean, azaroaren 8ra arte bertan geldituko da merezitako opor egun batzuetaz gozatzen. Kirol arloari dagokionean, uste baino gogorragoa egin zitzaion txantxikuarrari lasterketa. «3 orduren bueltan ibiltzea zen nire asmoa baina 25. kilometrotik aurrera, sekulako beherakada muskularra jasan nuen eta azken kilometroak oso gogorrak egin zitzaizkidan» azaldu digu. Bigarren maratoi erdian asko sufritu ostean, 3:22:06 denboran sartu zen oñatiarra helmugara.

Hala ere, oñatiarra pozik agertu da New Yorken bizi izandako esperientziarekin. «Ez nahiz berria mundu honetan eta nahiz eta ondo entrenatuta joan nintzen, jakitun naiz era honetako distantzietan edozer gauza pasa daitekeela». New Yorkekoa, «kronoari begira joateko baino, inguruari begira joateko maratoia» dela uste du Odriozolak.

Bizitzan behin egiteko proba

Korrikalari herrikoiei, mezu bat zabaldu nahi izan die Oñati triatloi taldeko kideak. «Lasterka aritzen garenontzat, bizitzan behin egiteko maratoia dela iruditu zait eta benetan diotsuet, aukera badaukazue pena merezi du honaino etortzeak» diosku txantxikuarrak. Aurrerantzean, lasterketak utzitako arazo muskularrak gainditu, eta neguko probaren bat prestatzeari ekingo dio Odriozolak datozen asteetan.

Bestelakoan, euskaldun ugari izan dira Odriozolarekin batera New Yorken baina beste behin, afrikarrak izan dira guztien artean onenak. Bi ordu, hamar minutu eta 34 segundoko denboraz, Stanley Biwott keniarrak irabazi du gizonezkoetan. Emakumezkoetan berriz , Mary Keitany keniarra izan da garailea, bi ordu, 24 minutu eta 25 segundoko kronoaz.

Odriozola oñatiarra, ikurrina eta domina soinean dituela

No hay comentarios:

Publicar un comentario