Oñatiko Oñatz dantza taldeak zapatuan hasiko ditu 45. urteurreneko ospakizun ekitaldiak. Entzuteko eta ikusteko ekitaldia izango da egingo duen lehena, baina dantza egiteko deialdi herrikoiak ere egin ditu. 22:30ean hasiko da jaialdia zapatuan, Zubikoa kiroldegian.
Zubillagako neska dantzari talde batekin batera, 1970ean hasi zuen Oñatz dantza taldeak bere ibilbidea. Orduan egin zuten lehenbiziko Haurren Eguna eta Zubillagako Izarrak taldeko neskek Oñatiko arku-dantza egin zuten.
60 bat lagun elkartu ziren orduan, familia giroan, eta harrez gero makina bat herritar izan dira Oñatzen sasoi batean edo bestean, eta makina bat ekitaldietara heldu da Oñatz, ez delako bakarrik dantza taldea.
45. urteurrena ospatzeko ekitaldiak astebete iraungo dute eta zapatuan izango da lehena. Oñatiko Udal Musika Bandak, Txistulari Bandak, Ganbara Abesbatzak eta Arrasateko gaiteroek hartuko dute parte Oñatzeko dantzariekin batera.
Entzuteko eta ikusteko ekitaldia izango da, Zubikoako pilotalekuan. Baina dantza egiteko aukera ere egongo da, ospakizunerako antolatutako ekitaldien artean konpartsarekin kalejira, sorgin-dantza herrikoia eta dantza izango duen bazkari herrikoia ere antolatu dute-eta.
Izan ere, 45 urteak ganoraz ospatu gura ditu Oñatzek. Dantza egiteko aukera ez ezik, dantzaren historiari buruz eta dantzari jantzien buruzko hitzaldiak ere antolatu ditu Oñatzek. Ane Albisuk, esaterako, dantzarien arropak izango ditu hizpide.
Bestalde, Oñatiko dantzaren historia zein den ere azalduko dute. Iñigo Murgiondo oñatiarra bat izango da hizlaria. Antolatutako ekitaldi guztiak dira irekiak eta antolatzaileek herritar guztiak animatu gura dituzte ekitaldietan parte hartzera. Zapatuko ekitaldirako eta bazkari herrikoirako baina, sarrerak erosi behar dira aurrez eta dagoeneko salgai daude Txokolateixian eta kultura etxean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario