ok magazinea.
Atzo goizean hasi zen Irunen, aurtengo kros denboraldia eta Sara Gomezek, podiuma lortuz estreinatu du promesa mailako ibili berria. Aloña Mendiko korrikalari gaztea, hirugarrena izan zen aipatu kategorian eta atzokoa, maila berrian lortu duen aurreneko domina izan da.
Iruneko krosak zabaldu du Euskal egutegiko kros denboraldia. Guztira hamar proba izango dira aurten gure lurraldean eta estreineko lasterketan, Sara Gomez Aloña Mendiko korrikalariak, balio handiko hirugarren postua eskuratu zuen promesa mailako emakumezkoen lasterketan. Gazte mailako atleta izatetik, promesa mailarako jauzia eman berri du Gomezek aurtengo denboraldian, eta atzoko emaitzarekin «oso gustora» gelditu dela adierazi dio OK Magazineari. Datozen hiru denboraldietan maila horretan arituko da korrikalari txantxikuarra
Gomezen atzoko helburua «kategoria berrian nola moldatu daitekeen ikustea» izan zen. Oraindik entrenamendu eta kilometro gutxirekin dagoen arren, «sentsazio nahiko onak» izan zituela adierazi digu. «Maila igota, lasterketako distantzia ere handitu egiten da eta azken kilometroetan somatu nuen erritmoa eta kilometroak falta» onartu du. Hala ere Irunen egindakoarekin «gustora» gelditu dela dio Gomezek eta aurrera begira, «hobetzen jarraitzeko ilusioz eta indartsu» dagoela aipatu digu.
Txindoki taldeko Maria Ibañez izan zen azkarrena emakumezkoen promesa mailako lasterketan. Ibañezek 21:38 osatu zuen zirkuitua eta merezimendu osoz eraman zuen txapela etxera. Bigarren postua, Super Amara BAT taldeko Nerea Sarriegik (22:16) eskuratu zuen eta podiumeko azken koska, Sara Gomezentzat izan zen (22:36).
Helburu garrantzitsuak
Aurrera begira, erronka garrantzitsuak izango ditu Gomezek aurtengo denboraldian. Krosean Euskal Selekzioan toki bat egin, eta Espainiako txapelketak lehiatzea nahi du oñatiarrak eta lokatz gaineko lanak amaituta, pista estali eta pista irekian Espainiako txapelketarako minimak bilatuko ditu 1500 eta 800 metroko probetan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario