Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek egingo dute ikerketa, Udalak emandako beka bati esker, eta txantxikuak pisu propioa izango du. Suge berde-horia eta Scheiber muskerra bereziki aztertuko dituzte.
Oñatiko hezeguneak ezagutzen ibili da azken egun hauetan Aranzadi Zientzia Elkarteko Jon Garin. Maider Iglesiasekin batera herriko anfibioei eta narrastiei buruzko ikerketa hasi du, eta herria eta inguruak ezagutzea izan da egindako lehen lana. Oñatiko Natur Zaleak elkarteko kideak izan ditu gidari. Ikerketaren emaitzak elkarte horren laguntzarekin zabaltzea da asmoa, elkarlanean.
Araotz
Ikerketa horrek hiru zati izango dituela azaldu du Jon Garinek: "Lehenbizikoa izango da inbentarioa egitea; hau da, Oñatin ze anfibio eta narrasti espezie dauden eta udalerrian zein den euren banaketa ezagutzea. Bigarren zatia lan zientifikoena izango da; animalia horien egoera ikertzea izango da xedea. Hirugarrena ikerketaren berri ematea izango da, emaitzaren dibulgazioa".
Inbentarioa eremu ez babestuetan oinarrituko da. Ikerketa egiteko lortutako bekak hori lehenesten baitzuen. Aranzadirendako, gainera, interes berezia du puntu horrek. "Batetik, ikerketa gehienak eremu babestuetan egiten direlako. Bestetik, herrigunetik gertu dagoen bioaniztasunaren balioa ezagutarazteko aukera emango baitu. Naturaren ikuspegi gero eta ezezagunagoa duen gizarte batean bizi bara eta azterketa hauei esker konturatu ahal izango gara herri barruan ere balio handiko espezieak daudela", azaldu du Jon Garinek". Oñatin dauden anfibioen eta narrastien egoera zein den jakiteko, ordea, herriko lau eremu aztertuko dituzte: urbanoa, erdi urbanoa, naturala eta erdi naturala. "Askotan, pentsatzen dugu babestutako eremuetan bioaniztasun handiagoa dagoela, baina anfibio eta narrasti espezie babestu batzuk herri barruko eremuetan edo bertatik gertu bizi daitezke, eta mota edo tipologia desberdineko ingurune horien arteko konparaketa egin gura dugu", dio Garinek. Konparaketa hori egiteko espezie adierazgarri bat behar zuten, eta espezie hori txantxikua izaten ahaleginduko dira. Bi arrazoi hauengatik: Oñatiko ikurra delako eta ikerketarako lagungarri suerta litekeen berezitasun bat agertzen duelako; ia urte osoan zehar ugaldu daiteke eta errute berantiarrenei ez die denbora ematen metamorfosia gauzatzeko eta larba horiek negu osoa irauten dute putzu edo uraskatan. Hala, txantxikuaren konparaketak atal berezia izango du ikerketaren txostenean.
Bestalde, aparteko jarraipena egingo diete Aranzadirendako interes berezia duten bi espezie hauei: suge berde-horia eta Schreiber muskerra. "Biak daude ornodun espezie mehatxatuen zerrendan EAEn, eta Oñatin, Araotzen zehazki, ikusi izan dituztela jakinda, arreta berezia eskainiko diegu", azaldu du Aranzadiko kideak.
Udaberrian
Ikerketarako laginak non lor daitezkeen begira ibili da Garin egun hauetan Oñatiko Natur Zaleak elkarteko lagunekin batera. Ikerketa bera, baina, udaberrian hasiko dela adierazi du, orduan ugaltzen dira-eta anfibioak eta narrastiak. "Txantxikuek duten berezitasun horri esker, udaberrian zuzenean joango gara orain ikusitako larben guneetara, eta beste espezieak aztertzeko adi ibiliko gara martxotik ekainera bitartean. Sasoi horretan ugaltzen dira eta errazagoa izango da ikustea", dio Garinek.
Bi urtean behin
Oñatiko Udaleko Ingurumen Sailak emandako beka bati esker hasi dira Aranzadiko bi lagun horiek ikerketa hori egiten. Orain arte, ingurumenaren gaineko ekintzetarako diru laguntzak ematen zituen Udalak. Hauxe da eman duen lehendabiziko beka. "12.000 eurokoa da eta bi urtean behin ematea da asmoa, ikerketa sakonagoa eta diru kopurua altuagoa izan dadin", azaldu du Landa eta Garapen Saileko udal teknikariak, Aitor Gerenabarrenak. Datorren urteko abenduan aurkeztu eta erakutsiko dituzte ikerketa horren emaitzak. Jendaurrean erakusteko modua ez dute oraindik zehaztu, baina eskuorriak atera eta ibilbideak egingo dituztela ziurra da. Hitzaldiak egitea ere ez dute baztertzen.
ARRETA BEREZIKO ESPEZIEAK
TXANTXIKUA Oñatiko eremu babestuetan eta ez babestuetan bizi diren txantxiku arrunten osasun egoera ikertu eta konparatuko dute, euren erantzun immunologikoa aztertuta. Txantxikuak atal berezia izango du Aranzadiren ikerketan.
SUGE BERDE-HORIA EAEn Irunen bakarrik bizi da suge mota hori, baina aipu zaharretan birritan aipatzen da Araotzen ere ikusi zutela. EAEn espezie ornodun mehatxatuen zerrendan dago. Araotzen miaketa berezia egingo dute animalia hori topatzeko.
SCHREIBER MUSKERRA EAEn ornodun espezie mehatxatuen zerrendan dago. Araotzen ikusi izan dute, baina ikertu gura dute han ez ezik Oñatiko beste eremu batzuetan ere bizi den edo ez. Iberiar penintsulan bakarrik bizi den espeziea da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario