2013-01-11 14:34:36 Amaia Txintxurreta
Atzo iluntzean euskal presoen aldeko agerraldia egin zuten Oñatin. Bertan izan ziren herritar dezente eta baita Udal Gobernuko ordezkariak ere. Biharko Bilboko manifestazioarekin bat egingo dute bertaratutakoek eta Oñatitik Bilbora joateko zazpi autobus dagoeneko beteta daude; txartelak oraindik salgai daude. Guztira, bailaratik gutxienez 23 autobus irtengo dira bihar Bilbora.
Oñatiko agerraldia "Euskal preso iheslariak Euskal Herrira eskubide guztiekin" lelopean. |
Bizkaiko hiriburua aldarrikapenerako gune bilakatzen da urteko lehenengo hilabetean. Bihar, zapatua, izango da hitzordua, 17:30ean, eta Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean irtengo dira milaka eta milaka herritar.
Biharko Bilboko manifestazioaren aurretik baina, atzo iluntzean Oñatin agerraldia egin zuten Foruen Plazan. Manifestazioaren deitzaileek plazaratu duten manifestuan diote besteak beste, gatazkaren ondorioak askotarikoak direla eta denek konponduak izan behar dutela. Manifestazioarekin eskatuko dutena da presoen oinarrizko eskubideak errespetatzen hastea, Mikel Biain Oñatiko alkatearen esanetan.
Urtero-urtero, sentsibilitate ezberdineko jendea bertaratzen da Bilboko manifestaziora: politikariak, musikariak, feministak... Eta ohi bezala, debagoiendar ugarik ere egingo dute bat bihar Bilbon egingo den presoen aldeko agerraldiarekin.
23 autobus gutxienez
Debagoienean hainbat tokitan antolatu dituzte manifestaziora joateko autobusak. Oñatin adibidez zazpi autobus bete dira eta oraindik txartelak salgai daude, Arrasaten bosgarrena betetzen ari da, Bergaran dagoeneko bederatzi autobus bete dira eta besteren bat ere bete daiteke oraindik eta Elgeta eta Eskoriatzatik ere autobus bana irtengo dira.
Instituzioen aldetik babesa manifestazioari
Instituzioen aldetik ere babesa jaso du presoen aldeko mobilizaziora bertaratzeko deialdiak. Hala, ibarreko udal guztiek egin dute bat deialdiarekin. Zenbait kasutan, gainera, presoen aldeko mozioak onartu dituzte osoko bilkuratan. Oñati, Eskoriatza, Elgeta, Arrasate, Leintz Gatzaga edota Aretxabaletan, esaterako. Manifestazioko aldarriarekin ados agertu bakarrik ez, zenbait tokitan bandoak atera eta etxe atarietan ere ipini dituzte, herritarrei Bilbora joandaitezen dei eginez.
Bergarako Zukgua gazte prozesu eratzailetik ere egin dute deia Bilborako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario