miércoles, 30 de enero de 2013

Papalagi taldea

Papalagi: "Aurreko proiektuetan izan ditugun filtro batzuk kendu ditugu"


Urt. 30, 2013, gauerdia Jagoba Domingo



Talde berri bat heldu da Oñatira, motxila istorioz beteriko musikari ezagunek bidaia bat hasi dute eta Papalagi deitu diote abentura horri. Zaila da proiektu hau definitzea, ez dute musika estilo jakinik jorratzen, kantu bakoitzak bide ezberdinetik eraman zaitzake. Dictators, Hertzainak edota The Pogues taldeen oihartzuna antzeman daiteke haien kontzertuetan; ideiak ordenatzeko Imanol, Txirli eta Laurenekin izan gara.







Noiz, nola eta zergatik?



Taldearen lehenengo egunetan, Unai, Jimi eta ni [Imanol] hasi ginen 2009. urte amaieran lokalean beste barik musika joaz. Pixkanaka kantuak egiten hasi ginen, baina dena era naturalean izan zen. Ondoren, urtebete geroago, Unaik taldea utzi behar izan zuen eta orduan nire anaia [Lauren] eta Txirli animatu ziren taldean parte hartzera. Zergatiari dagokionez, ez zen aldez aurretik pentsatutako ezer lortzera bideratutako proiektua. Bide batez, zakuan genituen kantu batzuei bizitza emateko eta ondo pasatzeko aitzakia izan zen Papalagi.



Formazio berriak kantuei beste ikuspuntu bat eman zien?



Bai, ordurako 10 bat kantu propio genituen, eta Lauren eta Txirli taldean sartzerakoan, berriro ere heldu genien kantuei eta toke ezberdina lortu zuten. Azken finean, beste eskola batetik datoz, eta punk-rock zertzeladak eman zizkioten kantu askori. Gainera, hiru izatetik lau izatera pasatu ginen eta horrek potentzia handiagoa dakar, nahitaez. Beraz, beste etapa bat hasi genuela esan genezake.



Nondik dator Papalagi izen bitxia?



Jimi bateria-joleak gustuko duen liburu baten izenburua da. Gainera, liburuak mendebaldeko gizartearen kritika zorrotza egiten du, eta gu geu ere kritika horren puntu batzuekin ados gaude. Liburuan, Samoako tribu bateko buruak gizon zuria deskribatzen die bere tribu-kideei, eta gizarte honen hainbat detaileren zentzu falta ikusten da. Liburua eta honen esanahia gogoko dugulako gara Papalagi.



Zelan definituko zenukete zuen musika?



Hori beste baten lana da. Taldea ezagutzen ez dutenentzat, lehenengo entzunaldia nahiko arrotza izaten da. Abestien artean ezberdintasun handia dago; beraz, hasieran entzulea kokatu ezinik egoten da. Hala ere, taldea ezagutu ahala egoera aldatu egiten da. Abesti batzuek Social Distortion-en toke lasaia dute, beste batzuk azkarragoak dira, beste batzuek folk ukitua dute... Gainera, euskaraz abesten dugu, eta horrek sonoritate ezberdina ematen dio.



Kantuak egiteko orduan zein influentzia dituzue?



Influentzia larregi, ez dakigu galdera horri erantzuna ematen. Baina aurreko proiektuetan izan ditugun filtro batzuk kendu ditugu. Adibidez, kantu batek pop puntu bat baldin badu, ez dugu alde batera uzten, kantuarekin jarraitzen dugu. Eta, egia esan, kantu batzuk punk-pop estilotik gertu daude, Shock Treatment edo Social Distortion-en kantu batzuen antzera. Hori entzuleak esan beharko du.



Eta hitzei buruz?



Orain arte kantuen letrak Imanolek idatzi ditu eta horietako batzuen esanahia azaldu behar izan digu, baina pixkanaka denok parte hartzen dugun arloa da. Hitz batzuek fondo pertsonalagoa dute; beste batzuk, ordea, zirikatzeko eginda daude: Minbizia eta Bai, agur eta eskerrik asko, adibidez.



Diskoa noizko?



Talde gehienek esaten duten moduan, laster grabatzeko asmoa dugu. Momentuan, 13 kantu ditugu, eta gure nahia beste hainbeste egitea da, eta gero, posible dugunean, estudiora joatea. Baina adin batetik aurrera denok denbora tarte bat bilatzea zailagoa izaten da!



Epe motzeko helburua?



Taldea zuzenekoak joaz sendotzen joatea. Momentu honetan kantu asko ditugu buruan eta hauei zuzenekoetan egingo diegu errodajea. Instrumentuekin urte asko jo izan arren, oraindik taldea indartu behar dugu entsegu lokalean eta oholtzan gainean.





No hay comentarios:

Publicar un comentario