martes, 29 de enero de 2013

Oñatiko ikastetxeak kantari



Urt. 29, 2013, 9:01 a.m. Goiatz Arana

Haur abesbatzak lanean ari dira, urriaz geroztik, herriko ikastetxe guztietan; 150 haur, denera. Ganbara Txikiren sorreratik mahai-gainean zegoen proiektua zen ikastetxeetan haur abesbatzak bultzatzearena, eta azken urteetan ospatutako 'Kantua Kalean' emanaldietan egitasmo hori aurrera ateratzea posible zela ikusi zuten. Hori dela eta, urritik aurrera, Ganbara Txiki Abesbatza eta herriko ikastetxeak elkarlanean hasi dira musika korala ikastetxeetan ere sustatzeko, eta ikastetxe bakoitzean haur abesbatzak sortu dira. Datorren ikasturtea Ganbara Txikiren hamargarrena izango da.

Badira bederatzi urte Ganbara Txiki abesbatza sortu zela. Urte horietan guztietan, haur eta gazteen artean musika korala ezagutarazi eta sustatzen lan egin du taldeak eta lan horren baitan etorri da ikastetxeetan haur abesbatzak sustatzeko egitasmoa.



Lehen hezkuntzako ikasle guztiei zabaldutako eskaintza da eta proiektuak harrera ona izan du. Dagoeneko 150 haur inguru ari dira lanean, astero ordubeteko entseguak eginez. Entseguak ikastetxeetan egiten dituzte eta abesbatza bakoitzaren arabera egokitu dira orduak.







Txantxiku Ikastolako abesbatza talde bat.



Josu Zubiak du Txantxiku ikastolako Kantu Tailerreko bi taldeak eta Elkar Heziko abesbatza gidatzeko ardura, eta Miren Gurutze Plazaola da Herri Eskolako abesbatzako zuzendaria; talde guztietan, Araceli Guridi arituko da piano jotzaile laguntzaile bezala. Musika arloan eskarmentua duten pertsonak dira hirurak eta pozik hartu dute erronka berri hau.



Abesbatza bakoitzak bere ikastetxeko ekintza berezietan emanaldiak egiteaz gain, Ganbara Txikiko taldeekin batera ere emanaldi bat eskainiko du. "Gogor dihardute talde guztiek lanean eta datozen hilabeteetan haur abeslari guzti hauek eszenatokian ikusteko aukera izango dugu", dio Ganbara Txiki abesbatzako zuzendariak.







Elkar Hezi ikastetxeko abesbatza.



Proiektua osatuta

Ikastetxeetako abesbatzak sortuta, Ganbara Txikiren hasierako proiektua osatuta gelditzen da. Bi urtez behin talde berriak sortu dira: Ganbara Txikiren ekimenez; 2004an adinaren arabera banatutako bi talde sortu ziren: Ganbara Txiki eta Ganbara Txikitxoak taldeak. Hasierako urte horietan egindako lanari esker, bi urte beranduago, tailerretako taldeak sortu ziren txikienentzat, eta 2008an, hasierako urteetan hasitako abeslari gazteenekin Ganbara Gazte taldea osatu zen. Aurtengo ikasturtean ikastetxeetako taldeen txanda iritsi da.



Hamar urte, musika koralaren doinuak gaztetxoenen artean zabaltzen

Datorren ikasturtea hamargarren ikasturtea izango da Ganbara Txikirentzat eta urtebetetze borobil hori ospatzeko ekintzak prestatzen hasiak dira dagoeneko. Horien baitan kokatzen da ikastetxeetako abesbatza hauen sorrera.



No hay comentarios:

Publicar un comentario