lunes, 28 de enero de 2013

Bidebarri zentroa

Bidebarriko bi langile, lantegian.
Oñatiko Bidebarri zentroa Inserciona Laneratze Enpresen Azokan izango da


Urt. 28, 2013, 12:15 p.m. Leire Kortabarria

Oñatiko Bidebarri zentroak parte hartuko du Insercionan, Gizarteratze eta Laneratze Enpresen II. Azokan. Irunen egingo da, Ficoban, urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean.



Euskal Herriko eta Espainiako 200 enpresa baino gehiagok euren produktuak eta zerbitzuak erakutsiko dituzte, eta hantxe izango da ere Oñatiko enplegu zentroa. "Helburua gizarteratze enpresen sektorea ezagutaraztea da. Baita lankidetza bultzatzea eta merkatu-aukera publiko zein pribatuen garapena sustatzea. Horrela, gizarteratze enpresa bakoitzak bere aktibitatea zein den ezagutzera emango du", azaldu dute Bidebarriko arduradunek.



Bi edo hiru lagun joango dira Ficobara Bidebarritik. "Enpresetan jartzen ditugun kafe makinak eta janari (litxarreriak, sandwichak…) makinak eramango ditugu, ahaztu gabe kudeatzen ditugun okindegien produktuen lagin bat ere".



Lana topatzeko bidea

Laneratze enpresa izendapena du Bidebarrik, Eusko Jaurlaritzak emana. 1996an sortu zen, lana aurkitzeko zailtasun handienak dituztenei laguntzeko. "Arazo pertsonalen ondorioz lan-merkatutik kanpo daudenei lana edo konponbideren bat ematea da helburua. Ildo horretan, edozein motatako ezintasunak edo ekonomi eta gizarte-baldintza kaskarrak dituztenak hartuko ditu, batik bat, kontuan", esaten dute arduradunek.



Gaur egun, vending arloaz gain, beste batzuk ere lantzen dituzte, arduradunek dioskuten moduan: "Oñatin bi okindegi ditugu, bata plazan eta bestea Kalegoienean. Hainbat instalakuntza publikoen mantenua eta garbitasuna egiten dugu (Azkoagain eta parking-a) eta Kontzejupetik aldizkariaren eta beste hainbat buletinen banaketaz arduratzen gara. Urritik aurrera, Sutondo enpresak prestatutako janarien banaketa zerbitzua egiten dugu, Debagoienean. Zubillagan bertan tailer txiki bat daukagu non beste enpresa batzuetarako piezak egiten ditugun".



Azoka jendetsua espero dute

Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskal Enpresen Elkartea da Gizatea eta, bere datuen arabera, gizarteratze enpresek 83 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan zituen iaz eta 4.500 lanpostu baino gehiagori eutsi zion. Horregatik, gizarteratze-enpresen sektoreak "2012. urtean krisia gainditu" duela ondorioztatzen du Gizateak.



Insercionak 1.500 partaide inguru izango ditu; tartean, enpresa txiki eta ertainen buruak; gizarteratze enpresekin zerikusia duten sektoreetan diharduten enpresa handiak; tokiko, Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako ordezkari politikoak; sindikatuetako ordezkariak eta bestelako eragile sozialak; unibertsitateak; gizarteratze enpresetako zuzendaritza eta pertsonal teknikoa, eta abar.



Negozio hitzordu hau bi urtero egiten da eta FAEDEI (Federación de Asociaciones Empresariales de Empresas de

Inserción), Gizatea – Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak antolatzen dute. Insercionan bertan, lehenengo ERI sari eta egiaztagiriak emango dituzte, hain zuzen ere,

gizarteratzearekin sozialki arduratsuak diren enpresa pribatu eta administrazio publikoak bereizten dituzten egiaztagiriak.



No hay comentarios:

Publicar un comentario