jueves, 7 de mayo de 2015

OINAZTU AISIALDI

n.g.
JONE UGARTE, OÑATIKO OINAZTU AISIALDI ELKARTEKO KIDEA

"Mitologiak aukera ederra ematen digu gai mordoxka bat jorratzeko udalekuetan"

Uztailerako antolatu dituen udaleku mitologikoekin hasiko du bere ibilbidea Oñatin sortutako Oinaztu Aisialdi Elkarte berriak. Irailetik aurrera ekintza gehiagotan murgilduko dira
ANABEL DOMINGUEZ - 2015(e)ko maiatzaren 7a, osteguna - 09:57etan eguneratua
Jone Ugarte, Oñatiko Oinaztu Aisialdi elkarteko kidea.
Jone Ugarte, Oñatiko Oinaztu Aisialdi elkarteko kidea.

Oñati. "Zatoz uda zoragarri bat pasatzera euskal mitologiako lagunekin! Mari, Tartalo, Lamiak eta Galtxagorriekin batera ekintza pila bat egin ahal izango dituzue naturaz inguratuta eta aparteko lagun artean Elosuko apaiz-etxe zaharrean". Hitz hauekin aurkezten dituzte Oinaztu Aisialdi Elkarteko kideek uztailaren 17tik 25era arte ospatuko diren udalekuak. Primeran pasatzeko ekintza ugari izango dituzte eskuragarri 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxo oñatiarrek.
Zerk bultzatu zaituztete taldea martxan jartzera?
Lagun talde baten ekimena da. Oñatiko gazteen alorrean, 12 eta 18 urte artekoen artean hutsune bat dagoela ikusten genuen, batez ere udako ekintzei begira. Zeozer egin behar zela pentsatu genuen eta urrian hasi ginen proiektuari forma ematen. Honen ondorioz, udaleku itxi batzuekin hastea erabaki dugu. Taldean momentuz zazpi gara Jonekin batera, Maria Apaolaza, Jokin Arroyo, Mirari Sagarzazu, Maddi Txintxurreta, Mikel Casares eta Aitor Elorza, eta gehienak begirale moduan aritu gara. Eltzia (Eteo zaharreko eraikina) proiektuan sartuko gara eta bertan izango dugu gure egoitza.
Zeintzuk dira Oinazturen helburuak?
Momentu honetan, lehenengo helburua udalekuak dira. Irailetik aurrera, ordea, aisialdi elkarte moduan funtzionatu nahi dugu adin ezberdinetako ume eta gazteentzat ekintzak antolatuz, hau da, asteburuetarako ekintzak, kalekoak... Ez gatoz ludoteka eta gaztelekuari lekua kentzera. Eurekin elkarlanean lan egitea gustatuko litzaiguke.
Zergatik udaleku mitologikoak?
Gai desberdinak lantzeko asmoz, hainbat aukera izan ditugu kontuan. Mitologiak berak aukera ederra ematen digu gai mordoxka bat jorra-tzeko: aniztasuna, berdintasuna, lehengo ohiturak eta bizimodua, natura... Oñatin bertan gauzatzea pentsatu genuen eta, horrela, hasi ginen lanean. Arantzazu eta Arao-tzeko aukerak aztertu eta gero, Bergarako Elosu auzoko apaiz-etxe zaharra aukeratu genuen baldintza onak eskaintzen baitizkigu. Taldeak joateko oso ondo atonduta dago: literak ditu, sukaldea... Gainera, kanpoan kriston lekua dago, baita pilotalekua ere, berdeguneak..., dena naturan murgilduta.
Gazteek ondo pasatzeko, zer motatako ekintzak antolatuko dituzue?
Plagintza bat daukagu esku artean: estanpazio, ukendu eta xaboi tailerrak, ur jolasak, herri kirolak, jolas kooperatiboak, gaubela misterio-tsuak, ginkana, mendi irteerak, orientazioa... Dena den, egunerokotasunean gazteen aldetik sortu litezkeen proposamenak entzuteko prest gaude egitarauan aldaketak egiteko, baliabideak edukiz gero. Gazteen parte-hartzea bultzatu nahi dugu.
Zer azpimarratuko zenuke udaleku honetaz?
Oñatiarrentzat eta Oñatin sortutako udalekuak dira. Herriko jendea ezagutzeko aukera emateaz gain, adin ezberdinetako tarte horrek 12 eta 18 bitartekoa duen aberastasuna atera nahi dugu azalera.
Noiz arte dago zabalik izena emateko epea?
Maiatzaren 25era arte dago zabalik eta guztira 50 plaza daude. Eskuorriak kultur etxean eta gaztelekuan eskura daitezke, eta azken leku honetan entregatu beharko dira gaztetxoaren datuak bete eta gero. Prezioa 180 eurokoa izango da.
Uztaileko hitzorduarekin hasiko du bere ibilbidea elkarteak. Handik aurrera ze beste ekimen bultzatuko dituzue?
Gure artean hitz egin beharko dugu, baina lehen aipatu dudan moduan, iraletik aurrera hasiko gara aisialdiko programa lantzen. Elkarteko ateak irekita daude eta edonor hasi liteke gurekin elkarlanean, ekarpenak ere ongietorriak izango dira (harremanetarako, oinaztuaisialdielkartea@gmail.com helbidean).

No hay comentarios:

Publicar un comentario