lunes, 18 de mayo de 2015

Atletismo.Aloñamedi

ok magazinea

2015-05-18 11:11:32
SARA GOMEZ, SERGIO GARCIA ETA YERAY VARELA PROTAGONISTA
Hiru garaipen lortu dituzte asteburuan, Aloña Mendiko korrikalariek
Aloña Mendiko korrikalariek asteburu bikaina osatu berri dute han hemenka jokatu diren herri lasterketa ezberdinetan. Guztira hiru garaipen lortu dituzte atleta oñatiarrek. Ostiral arratsaldean, Sara eta Iñaki Gomezek Oñatiko Berdintxiketan proba irabazi zuten, eta atzo goizean, Sergio Garcia eta Yeray Varelak, Otala Zelain eta Zamudioko lasterketetan, garaile izan ziren.

Aloña Mendiko korrikalariek sasoiko jarraitzen dute. Asteburu honetan hiru garaipen lortu dituzte taldeko korrikalari txantxikuarrek. Lehena ostiral arratsaldean iritsi zen. Oñatin antolatu zen bikote mistoen arteko lasterketan, Sara Gomez eta Iñaki Gomez bikotea nagusi izan baitzen Foruen Enparantzako helmuga puntuan. Berdintxiketan lasterketak bost edizio bete zituen ostiralean eta aurtengoan, 30 bikote inguru lehiatu ziren Oñatiko kaleetan barrena atonduriko zirkuitoan.

Atzo goizean berriz, beste bi garaipen batu zituen Aloña Mendik bere garaipen-zerrendara. Aretxabaletan, Urkuluko Urtegi inguruan, Otala Zelaiko krosaren edizio berri bat jokatu zen. 107 korrikalari aritu ziren lehian eta guztien artean onena, Sergio Garcia oñatiarra izan zen. Garciak baina, arerio gogorra gainditu behar izan zuen. Izan ere, Beñat Arnaiz atxabaltarrak asko gogortu zuen lasterketa lehen momentutik. Hasieratik erritmo gogorra ezarri zuen Antxintxika taldekoak eta lasterketa buruan segundu batzuen tartea ere zabaldu zuen.

Hala ere, oñatiarrak helmugarako bi kilometro faltan harrapatu zuen atxabaltarra. Hainbat metro elkarrekin egin ostean, ibilbideko maldetako batean eraso gogorra egin zuen Garciak eta erritmo aldaketa horri ezin izan zion erantzun Arnaizek. Hori horrela, 15 segunduko abantailarekin iritsi zen Aloña Mendiko korrikalaria bakar-bakarrik helmuga puntura. 27:01 osatu zituen 8 kilometro pasatxoak Garciak.

Varela garaile Zamudion

Azken garaipena, Bizkaia aldetik iritsi zen. Zamudioko Aisiatek +1 lasterketan, Yeray Varela nagusi izan baitzen atzokoan. 10 kilometroko lasterketa, Bizkaiako distantziako txapelketa izan zen eta guztira, 156 korrikalarik eman zuten izena. Varelak 32:44 osatu zituen antolakuntzak markaturiko hamar kilometroak.

Proba hasieratik lasterketa buruan kokatu zen txantxikuarra eta bigarren kilometrorako, bakar-bakarrik gelditu zen Varela. Zirkuitu oso gogorra izan zela esan digu protagonistak, gora behera asko baitzituen eta momentu oro kontrola mantentzea izan zen bere helburu nagusia. Hori horrela, azkenean 22 segunduko aldeaz nagusitu zen helmugan Aloña Mendiko korrikalaria. Bigarren postua, Aitor Mimenza 33:06 izan zen eta helmugan hirugarrena, Gontzal Bilbao 33:52 izan zen.

Banakako garaipena lortzeaz gain, taldekako sailkapen nagusian ere, Aloña Mendi eguneko talderik onena izan zen Yeray Varela, Tasio Gomez (4.) eta Ramon Varelak (21.) egindako lanari esker.

Sergio Garcia Otala Zelaiko helmugara iristen. Argazkia: Goiena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario