domingo, 24 de mayo de 2015

Aspanogiren aldeko jaialdia

Oñatiko pilotalekua bete egin da Aspanogiren aldeko jaialdian

Oihana Elorza 2015-05-23 22:33  OÑATI
Ane pirata eta Markel Irizar ere izan dira Oñatiko hainbat talderekin batera minbizia duten umeen elkartearen aldeko jaialdian. Jose de Azpiazu musika eskolak antolatu du eta kantuan eta dantzan ibili dira umeak. Aspanogiko ordezkariak hunkitu egin dira Oñatik nola jaso dituen ikusita.
"Ni ere gaur txantxiku sentitzen naiz", adierazi du gaurko jaialdiko momentu baten Ane piratak. Izan ere, Oñatiko Zubikoa kiroldegiko frontoia jendez bete da Aspanogieren aldeko jaialdian eta bere egin dute ekitaldia joan diren guztiek. "Hunkituta nago Oñatik egin digun harrerarekin. Umeak beste ume batzuk animatzen ikustea handia izan da, zoragarria. Umeek egindako marrazkiak eta idatzi dituzten testuetako batzuk ikusi eta irakurri ditut, eta sekulako mezuak daude. Oso pozik eta hunkituta goaz Oñatitik", adierazi du Aspanogi elkarteko presidenteak, Bittor Andonegik.

Umeendako

Oñatiko Jose de Azpiazu musika eskolak 25 urte bete zituen joan den urtean eta erabaki zuten elkartasun jaialdi bat antolatzea urteurren hori ospatzeko. "Guk ere umeekin egiten dugu lana, gaztetxoekin. Aspanogik ere bai eta erabaki genuen euren aldeko jaialdia antolatzea. Herriko ikastetxeetan, udalean eta beste talde batzuetan ere, bertso eskolan edo Oñatz dantza taldean esaterako, berehala esan ziguten baietz, eta guztion artean prestatu dugun jaialdia izan da. Gustura gelditu gara", dio Arantzazu Bikuñak, Oñatiko musika eskolako irakasleak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario