lunes, 25 de mayo de 2015

Argider Isasti garaile, SoplaoManeko infernuan


2015/05/25.

Asteburuan "Los 10.000 del Soplao" izeneko kirol erronka ikusgarria jokatu da Cabezon de la Sal herrian. Kirolari adoretsuenen esku dagoen erronka izan da. Izan ere, lasterketa ugari zeuden; zein baino zein ikusgarriagoa. Eta horien artean probarik gogorrenean -SoplaoMan triatloian-, Argider Isasti oñatiarra garaile izan zen.

Kantabriako infernuan sartzeko ausardia izan zuten triatletek, lehenik ur irekietan 10 kilometro igeri behar izan zituzten; ondoren, 75 kilometro korrika gauez eta azkenburu bezala, 110 kilometro mendiko bizikletan. Horixe izan zen, hain zuzen ere, SoplaoMan triatloiaren bigarren edizioan izena eman zuten kirolariek, osatu behar izan zuten erronka. 30 ausart izan ziren irteera lerroan eta guztien artean azkarrena, Argider Isasti oñatiarra izan zen.

Igeriketako lehen partziala ostiral goizean egin zuten. Meron de San Vicente de la Barquerako hondartzan osatu zituzten erronkako lehen 10 kilometroak. Lehen partzial honetan adibidez, arrazoi ezberdinak tarteko, 6 parte-hartzaileek proba utzi behar izan zuten. Argider Isasti 13. postuan irten zen uretatik, Rubén Fernández lehen sailkatuagatik ordubete ingurura. Oñatiarrak lau ordu eta hamazazpi minututan osatu zituen lehen sektoreko hamar mila metroak.

Itsasotik irten ostean, atsedena hartzeko aukera izan zuten hotelean gaueko 11:00 arte. Orduan 75 kilometroko mendi laskerketaldia egin behar izan zuten. Ibilbide gehiena, gauez egin zituztelarik. SoplaoManeko triatletei, Ultramaratoiko partaideak gehitu zitzaizkien. 75 kilometro horiek bederatzi ordu azpitik osatu zituen Isastik.

Zapatillak alde batetara utzi eta atsedenerako astia hartu gabe azken partzialean, 110 kilometro osatu zituzten mendiko bizikletan. Goizeko 8etan abiatu zen eta 15:00etarako helmugan zegoen oñatiarra. Sekulako indar erakustaldia eskaini zuen triatleta txantxikuarrak bizikletako sektorean eta probako errekorra 45 minutu pasatxoan hobetu zuen.

Hori horrela, helmugara bakar-bakarrik iritsi zen. Sailkapen ofizialak kaleratu ez diren arren, oñatiarrak 20 ordu eta 17 minututan osatu zuen erronka eta ordubetetik gorako aldea atera zion Rodrigo Pérez (Santillana del Mar) bigarren sailkatuari. Podiumeko hirugarren postua José María Garcíak (Oviedo) eskuratu zuen.

Bigarren garaipena, Kantabrian

Argider Isasti triatleta oñatiarrak maitasun harreman berezia dauka "Los 10.000 del Soplao" kirol erronkakarekin. Asteburuan SoplaoMan triatloian lorturiko garaipena ez da Kantabriako proban lortzen duen lehena. Izan ere, 2012. urtean, lasterketa konbinatuan (korrika + BTT) garaile izan zen txantxikuarra.

Garbi gelditzen dena zera da; Argider Isasti beste pasta batez eginiko kirolaria dela. 10 IronMan daramatza bizkar gainean eta azken urteetan, lesioek nahi baino gutxiago egiten utzi badiote ere, badirudi geroz eta erronka konplexuagoa izan, orduan eta emaitza hobeagoa lortzen duela txantxikuarrak. Bejondeizula!


Isasti Soplaomaneko podiumean. Argazkia: Argider Isasti.

No hay comentarios:

Publicar un comentario