Interesatuek, eskaera aurkezteko, ekainaren 4ra arteko epea dute
2015/05/18
Maiatzaren 7ko tokiko gobernu batzarrean hartu zen erabakia da. Une honetan Zubillaga eta Olabarrietan hutsik dauden hiru udal etxebizitza sozialak alokairuan eman nahi dira. Konkretuki, Zubillaga auzoko 38, lehenengo ezkerra eta Olabarrieta 28, lehenengo eskuma eta ezkerra dira alokairura atera berri direnak.
Izaera sozialeko etxebizitzak direnez diru sarrera urriak eta etxe premia duenari alokatzea da helburua. Alde horretatik, ez da hileroko errenta kopurua zehazten eta maizterraren diru sarreren arabera finkatuko da gerora, ordaindu beharreko alokairua.
Interesatuek bete beharreko oinarrizko baldintzak, ohikoak dira: Oñatin gutxienez azken 5 urtetan erroldatuta egon eta bertan bizitzea eta eskatzaileen eta bizikidetza unitatearen urteko diru-sarrerak, lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,7 aldiz handiagoak ez izatea. Eskatzaileen egungo bizitokiari ere erreparatuko zaio eta errentan bizitzea, bizi diren etxebizitza prekarioa edota, desjabetzeko prozesuan egotea ere kontutan hartuko da.
Jasotzen diren eskaera guztiak, zehaztuta dagoen baremo baten arabera neurtuko dira. Eskatzaile bakoitzaren gizarte eta familia egoera, orain arte izan duen bizilekuaren egoera, lan gaitasuna eta egoera ekonomikoa egiaztatu eta baloratuko dira. Horren arabera, puntuaziorik altuena lortzen duten eskatzaileei alokatuko zaizkie udalak Zubillaga auzoko 38an duen lehenengo ezkerra eta Olabarrieta auzoko 28an dauden lehenengo ezkerra eta eskuma.
Eskaerak, udal bulegoetan egin behar dira eta bete beharreko baldintzei buruzko argibideak ere bertan eskuratu daitezke. Horretarako azken eguna, ekainaren 4a izango da.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario