martes, 27 de noviembre de 2012

2013ko larreratze kanpaina...

2013ko larreratze kanpainari begira, animalien identifikazio, osasun neurri eta tasen inguruan, oharra kaleratu du udalak.



Aurreko urteetan bezala Aloñako larretara eta Artia-Txirikilaleku-Aitzgainera eramango diren abereen berri udaletxean eman behar da abenduaren 31a baino lehen.



Udaberrian gauzatuko den larreratze kanpaina berriari begira udalaren oharrak hainbat gai argitzen ditu: larreratze tasak eta ganadu jabeek eman beharreko datuak, zaldi eta behiak identifikatzeko lepokoen erabilpena eta hazteria edo sarnari aurre egin ahal izateko neurriak.

Aloñako larreetara nahiz Artia aldera ganadua eraman asmo dutenei, horren berri udal bulegoetan emateko azken eguna, abenduaren 31a izango da. Behin epe hori igaro ondoren ez da larreratze baimenik emango.



Urte amaiera bitartean, artzain eta abeltzainek Aloñan larreratu asmo dituzten ardi, bildots, behor eta behi kopuruaren berri udalari jakinarazi behar diote. Behor eta behien kasuan, abere bakoitzaren zenbakia zehaztuz.



Hori bai, 2010ean egin zen ordenantza aldaketaren ondorioz herri lurretara bazkatzera eraman asmo diren animalien berri udaletxean orain eman behar bada ere, dagozkion tasak, Diputazioak datuak egiaztatu ondoren ordaindu beharko dira.



Baina ganadua Aloñara eraman asmo dituztenez gain, Artia-Txirikilaleku-Aitzgain inguruan larreratzen direnen kopurua ere ezagutu nahi da. Kasu honetan, ez da larreratze tasarik ordaindu behar. Baina udalak, helburu estatistikoz jasotzen dituen datu horiek jakinaraztea garrantzitsua da abeltzainek eskuratzen dituzten diru-laguntzarako, jarduera horretara zuzentzen den lur eremua kontutan hartzen baita.



2006an hasitako bideari eutsiz, bestalde, herri larreen kalitatea eta zaintza hobetzeko kanpainarekin jarraituko da. Aloña-Urbia-Oltza gunean larreratutako behi eta zaldi aziendak behar bezala identifikatuta egon beharko da. Animalia bakoitzak bere lepokoa izan beharko du.

Lepoko horiek, animaliaren zenbakiaz markatuta daude, eta printzipioz dagoeneko jarrita dituztenak balio dute. Hala ere, abeltzainen batek lepoko berririk beharko balu, eskaera udal bulegoetan egin behar du. Soberan dituzten lepokoak udaletxean entregatu behar dituztela ere gogorarazten zaie abeltzainei.



Hazteria edo sarna gaitzari dagokionean, azkenik, Partzoneria eta Aloñako mendietan artaldea bota nahi duten artzainek, ardiak larreratu aurretik albaitariak sinatutako ziurtagiria aurkeztu beharko dute udaletxean edo partzoneriako egoitzan. Agiri horretan, artaldeak osasun baldintza guztiak betetzen dituela jasoko da. Agiria, ganadua mendira bota baino lehenago entregatu beharko da baina ez da onartuko hilabeteko antzinatasuna baino handiagoa duen agiririk. Udalak, gai honen inguruan orain arteko kontrola gogortu egingo du. Albaiteroaren ziurtagiririk aurkeztu gabe artaldea larreratzen duen artzainak zigorra jaso dezake.



2013ko larreratze kanpainaren inguruko jakinarazpen idatziak, auzo alkateei eta ALOABEL abeltzainen elkarteari bidaliko zaizkie.



No hay comentarios:

Publicar un comentario