lunes, 26 de noviembre de 2012

Baserrisarea webgunea

Baserrisarea webgunea aurkeztuko dute bihar


2012-11-26 10:07:43 Oihana Elorza

Bailarako landa eremuaren gaineko informazioa du eta baita hainbat baserritarren produktuak salgai ere. Oñatiko sei baserri daude atari horretan, momentuz.



Atariaren azala
Debagoieneko landa eremuaren gaineko informazioa jasotzen duen ataria da www.baserrisarea.com. Bailarako baserritarrek zer eta nola ekoizten duen erakusten du batetik, eta tartean, Oñatiko hainbat baserritarren produktuak ere eskaintzen ditu.



Bailarako 23 baserri datoz webgune horretan. Horietako sei, Oñatikoak dira: Gomiztegi, Arrazola, Azkarreta, Iraban, Irazabal eta Ortuzabal. Sei horietako lehen hirurak, gainera, online dituzte euren produktuak. Izan ere, baserritarren produktuen denda birtuala ere bada atari hori.



Online zerbitzua

'Denda birtualaren bitartez, edozein herritarrek aukera du baserritarraren produktuak bertatik bertara erosteko. Frutak, esnekiak, haragia, kontserbak edo edariak izan litezke", dio Itziar Urizarbarrenak, webgunearen dinamizatzaileak.



Orain, gainera, produktuen lote ezberdinak prestatzen ari dira sarean salgai jartzeko, Gabonei begira. "Oraintxe ari gara hori guztia prestatzen, baina ideia hori da, bai, produktu anitzak dituzten lote ezberdinak jartzea", baieztatu du Urizarbarrenak.



Denda baino gehiago

Dena dela, baserritarren produktuak salgai jartzeaz gain, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditu www.baserrisarea.com atariak. "Herritarrek baserritarrekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera dute. Herriz herri egiten diren azoken egitaraua ere badator eta baita Debagoieneko kontsumo taldeen inguruko informazioa ere. Tartean, Oñatiko Ortuzabala taldearena. Bestetik, baserri-auzo bakoitzari buruzko informazioa ere jasotzen du eta tramiteak online egiteko aukera ere bai. Hau da, Jaurlaritzan, Aldundian edo udaletxean egin beharreko tramiteak saretik egin ahal izateko aukera. Baita nekazaritza eta abeltzantza arloekin lotura duten erakunde eta elkarteen inguruko informazioa ere", dio Urizarbarrenak.



Bihar, kultura etxean

Atari horren aurkezpena bihar, martitzenea, izango da, 18:30ean, kultura etxean. Landa garapeneko bulegoko eta udaleko ordezkariak izango dira.



No hay comentarios:

Publicar un comentario