jueves, 29 de noviembre de 2012

Ikastetxeek elkarrekin ospatuko dute Euskararen Eguna astelehenean



2012-11-29 12:11:47 Oihana Elorza

Hezkuntza mahaiak eman duen emaitzetako bat da. Udala, eskolak eta gurasoak daude mahai horretan.

Hezkuntza mahaiaren bilera bat (Kontzejupetik)


Herriko hiru ikastetxeek elkarlanean antolatu dute asteleheneko Euskararen Eguna, eta hiru ikastetxeetako ikasleek hartuko dute parte, elkarrekin. Udalarekin batera sortu den hezkuntza mahaiak eman duen ondorioetako bat da hori, lehen aldiz, ikastetxeek elkarrekin ospatzea abenduaren 3a.



Elkarlanerako bidetik

"Azken udal hauteskundeak izan aurretik, arloz-arloko diagnostikoa egin genuen, eta hezkuntzan, ikastetxeen arteko elkarlanean hutsunea zegoela ikusi genuen. Aurtengo aurrekontuak lantzen hasi ginenean, gune hori sortzeko beharra ikusi genuen, eta ikastetxeen aldeko jarrera ikusita, hezkuntza mahaiaren aldeko proiektua jarri genuen martxan", azaldu du Nerea Zubiak, euskara eta hezkuntza batzordeburuak. Udala eta hiru ikastetxeetako ordezkariez gain, guraso elkarteetako kideak ere badaude hezkuntza mahaian.



Eta Udalak ez ezik, ikastetxeek ere ondo hartu dute elkarlaneko bidea, nahiz eta onartu ekitaldien balorazioak ere kontuan hartu behar diren. "Abiapuntua egokia da, eta elkarlanaren bidetik jarraitzea da gure asmoa", adierazi du Txantxiku Ikastolako zuzendari Jabi Agirrek. "Herriko ikasleak eta gurasoak ohituko dira elkarrekin gauzak egitera, eta hori ona da, duda barik", gehitu du Errekalde Herri Eskolako zuzendari Virginia Aspiazuk. Elkar Heziko zuzendari Juancar Olaetak, berriz, Eskola Agenda gogorazi du: "oso aurrekari ona izan da hori. Elkarlanean, sinergiak aprobetxatu eta emaitzak hobeak lortzen dira".



Formazioa eta eskola garraioa

Hezkuntza mahaiaren barruan, bakoitzak bere lan egutegia duen hiru lan-mahaia osatzea adostu zuten eragileek: euskara eta euskal kultura, gurasoendako hitzaldia eta eskola garraioa lantzeko. Lehen lan-mahaitik, atera ziren asteleheneko ospakizuna eta Eskola Agenda bateratua, adibidez. Horrez gain, asmoa da udaleko artxibora bisitak antolatzea ikasleendako.



Gurasoei begira, euren formaziorako hitzaldi eta tailer egitarau bateratua egin dute, dagoeneko hasita dagoena. "Eskola garraioari buruz, egungo garraioaren diagnostikoa egiten ari gara Bitaka enpresaren laguntzarekin. Euren proposamena guztion artean baloratuko dugu, aurrera begira ze aukera dauden aztertzeko", azaldu du Zubiak.





No hay comentarios:

Publicar un comentario