Mendia
2013-07-15 11:03:38
IOKIN GARAI ARAZOEKIN IBILI ZEN ETA ERRETIRATU EGIN ZEN
bederatzigarren G2H mendi lasterketan
Ostiral iluntzean botatako ekaitzak ordubete atzeratu zuen G2H lasterketaren irteera. Hala ere, bai Ehunmilak lasterketa eta baita G2H lasterketa normaltasun osoz jokatu ahal izan ziren. Lasterketa nagusian Imanol Aleson eta Nerea Martinez izan ziren garaile. G2H berriz, Iñaki Catalan eta Silvia Trigueros izan ziren azkarrenak. Aipatzekoa Aitor Otamendi oñatiarrak G2H lortu zuen bederatzigarren postua.
Euskal Herrian dagoen ultra-trail gogorrenean (168 km eta 22.000 gorabehera) partaidetza oso handia izan zen beste urtebetez. Ostiral arratsaldeko irteera puntuan, 287 ausart animatu baitziren aurtengo erronkara. Datu berezi bezala esan, 81 korrikalarik soilik amaitu zutela proba. Batzuk erretiratu beharrean aurkitu ziren eta beste batzuk ordea antolakuntzak neutralizatu zituen ekaitz arriskuagaitik.Iker Agirrebalzategi eta Alberto Larrea izan ziren lasterketa nagusian parte hartu zuten bi oñatiarrak. Sailkapen ofizialak ez dituzte oraindik kaleratu baina egin ahalaz bat bi korrikalari hauen gaineko informazioa jartzen saiatuko gara.
Aitor Otamendi bederatzigarren G2H
Lasterketa nagusiarekin batera, ordu batzuk beranduago -gauerdian- eman zitzaion hasiera 88 km bigarren ibilbideari. Lasterketa honetan Iñaki Catalan eta Silvia Trigueros izan ziren azkarrenak. Aipatzekoa da Aitor Otamendik lortu zuen bederatzigarren postua (12:24:46).
Lasterketa bukatu ahalaz bat hauxe da korrikalari oñatiarrak bere facebookeko horman egin zuen kronika: " Lasterketa politta atzokoan Goierriko parajetan egin genuena! Bixi hasi da karreria, Zaldibitik pasauta Larraitzea bidian grupotxuak itten, lasterketa ixa osuan inguruan izango doten Iker Urizarrekin banoia aurrera. Etxegaratea allauta egunak argittu dosku. Erdixa inguru besteik ez da geaketan... Kilometruak pillaketan doiaz ta Aizkorrirakua tipi tapa gora! Baina, karrerako momentuik okerrenak etorteko dauz, kuadrizepsa dexente petau xat ta uff!!! Bertan jare bai? Ez? Orozen animuak etorri xat eta ale, aurrera suabe suabe kojo antzian. Oazurtzako abituallamentuko gentian animuas ta reflex puska bateaz mutiloa hurrengo helburu, bertan Izas eongo da zai ta ikusiku ze iñ... Pedrok pasau dost bajaitten ta Aizkorriko igoeran nahikua sufriuta bea be, hasi da bueltia emuten. Reflex eta etxekuan animuak mejorau dostai ta benga, hasittakua akabo inbiu, azkenengo 10 kilometruak, ondo noia ta..., 12 ordu eta 24 minutu, espero ez neben 9.postuan helmugan!!! Oso oso pozik!!! Milla esker Iker eta Pedro zuen burrukiatik, milla esker animau dostazuein danoiri eta milla esker antolakuntza ta bolondres guztieiri!!! Lasterketa ederra!!!".
Gainontzean, herriko bigarren ordezkaria, Joseba Agirre izan zen 43. postuan(14:38:46). Iokin Garaik berriz, zoritxarrez lasterketa utzi behar izan zuen, arazo fisikoak izan baitzituen. Lasterketako sailkapen ofizialak hemen.
Joseba Molinero zazpigarren Soraluzen
Mendi lasterketen asteburuarekin amaitzeko, esan atzo goizean Soraluzen II. Iñaki Ruiz Mendi lasterketa jokatu zela. 21 kilometroko lasterketa, giro eta eguraldi bikainarekin ospatu zen. Guztira 170 korrikalari batu zituen mendi lasterketa honen bigarren edizioak eta azkarrena Oier Ariznabarreta (1:35:32) durangarra izan zen. Aipatu hemen ere, oñatiko Joseba Molinerok lasterketa oso txukuna egin zuela eta sailkapen orokorrean zazpigarren gizonik azkarrena izan zen helmugan (1:48:29). Lasterketako sailkapenak hemen. Bitxikeria bezala esan beharra dago, lasterketa honetan korrikalariek ez dutela ezer ordaintzen bertan parte hartzeagaitik. Horrelako kasu gutxi daude gaur egun.
No hay comentarios:
Publicar un comentario