domingo, 1 de junio de 2014

Emakumeen Bira2014.

Emakumeen Birako bigarren etapak Oñati izango du epizentro

Jokin Bereziartua 2014-05-28 08:00   Kirola  Oñati BERRIAK
 

 

Emakumeen Birako bigarren etapa hartuko du Oñatik ekainaren 13an. Parrokia paretik hasi eta bukatuko da etapa eta tarteko bi helmugak Oñatin egongo dira. Tropeleko txirrindulari onenak hartuko dituen proba horren bueltan, emakumeen kirola sustatzeko asmoz beste hainbat ekintza osagarri ere antolatuko dituzte; bizikletak konpontzeko tailerra, hitzaldiak eta dokumentalak, besteak beste.
Atzo arratsaldean Lazarragako lorategietan egindako aurkezpenean, Oñatiko kirol zinegotzi Ainhoa Martinek hiru arrazoi eman zituen halako proba bat antolatzeko. Lehena, honakoa: "Aukera ona da herritarrek emakume kirolariei babesa emateko". Bigarren arrazoi moduan aipatu zuen "herriko hainbat eragileren arteko elkarlana eta inplikazioa" sustatu izana. Azkenik, hirugarren arrazoitzat jo zuen munduko emakume txirrindulari onenak Oñatin eta bailarako errepideetan izango direla.

Oñatin hasi eta bukatu, eta tarteko bi helmuga

Bigarren etapak 113 kilometro inguru izango ditu. 16:00ak aldera hasiko da eta 18:50ak aldera amaitu. Honakoa izango da ibilbidea: parrokia parean irteera neutrizalizatua hasiko da eta saihesbidean hasiko da benetako lehia. Handik Eskoriatzara joango dira, han buelta eman eta berriro Oñatira etorriko dira; bertan egongo da tarteko helmuga. Oñatiko herritik buelta eman ostean Bergara aldera joango dira eta Antzuola bidean dagoen azken bidegurutzean herritik sartuko dira, berriz ere Oñati aldera bueltatzeko. Oñatiko sarreran bigarren tarteko helmuga egongo da eta handik Udana aldera joango dira. Udanatik Legazpira, Legazpitik Zumarragara, Zumarragatik Ormaiztegira, Ormaiztegitik Gabiriara eta handik Motxorrora. Motxorrotik Udana aldera joango dira eta Udana jaitsi ostean helmugara zuzenduko dira. Sari banaketa Oñatiko Herriko plazan egingo dute.
Aloña Mendiko Txirrindularitza Saileko presidente Kepa Umerezen azaldu duenez hamar taldek hartuko dute parte antolakuntzan eta egubakoitz arratsaldea izanda, errepidean buruhauste bat baino gehiago sortuko direla badakite: "Pazientzia pittin bat eskatzen dugu eta aldez aurretik eskerrak eman gura ditugu. Herrian bertan ere sortu ahal diren eragozpenengatik aldez aurretik barkamenak eskatu gura ditugu".

Ekintza osagarriak

Emakumeen Bira datorrela-eta, aukera aprobetxatu dute beste zenbait ekintza antolatzeko:
-Maiatzaren 31n, bizikleta konpontzeko tailerra egongo da Foruen Enparantzan (10:00-12:00).
-Ekainaren 4an Emakumeak eta kirola hitzaldia egongo da kultura etxean (18:30). Hizlariak izango dira Eder Etxeberria eta Ainhoa Azurmendi
-Ekainaren 5ean Emakumeak plazan dokumentala eta Pilota girls film laburra ikusi ahalko dira plazako frontoian (22:00)
-Amaitzeko, ekainaren 11n tertulia egingo dute herriko kirolariekin, udaletxeko osoko bilkuren aretoan: Kirola itteko gogua nahikoa don? (18:30).
Ekainaren 13an izango da Emakumeen Birako bigarren etapa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario