viernes, 20 de junio de 2014

Eskolarteko bertsolari txapelketa


Debagoieneko bi ordezkari izango dira eskolarteko bertsolari txapelketaren finalean, Orion


 Ane Elordi 2014-06-20

 Maider Arregi oñatiarra eta Peru Abarrategi aramaioarra arituko dira kantuan, bihar, 11:00etan, Orion. Oñatiar batek eta aramaioar batek ordezkatuko dute Debagoiena, bihar, Orion jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean. Guztira, 11 gazte lehiatuko dira, herrialde bakoitzeko txapeldunak eta txapeldunordeak.

Gipuzkoako txapelduna da Maider Arregi oñatiarra. Arrasateko Amaia Antzokian jokatu zuen finalean lortu zuen garaipena, maiatza amaieran. Iaz ere, areto berean kantatu zuen, eta gustura geratu ez izana adierazi zuen. Aurten, aldiz, lortu du final handira heltzea, eta pozik dago Arregi. Oporretatik bueltan kantatuko du, zapatuan Orion. Final baten atarian lasai egotea garrantzitsua dela adierazi du oñatiarrak, eta prestaketa lanik ez duela egin, "fresko" joatea komeni dela dio. Hala ere, Gipuzkoako finala prestatzeko egindako lanak oraindik gogoan dituela dio.
Peru Abarrategi gazte aramaioarra ere oholtzara igoko da bihar. Arabako txapelduna da bera, eta finalaren eguna gerturatu ahala urduritasuna nabarituz doala adierazi du. Alabaina, finalera begira, prestaketa lanak egiten aritu da bertsotan. Orion, lagun eta hurbilekoen babesa ere jasoko du, bihar. Izan ere, Aramaioko jarraitzaileak Orion izango dira, herrikidea animatzen.
 

Saio ona egitea helburu

Biharkoa final garrantzitsua bada ere, bi bertsolari debagoiendarrak bat datoz: saio ona egitea dute helburu, egunaz gosatzea eta jai giroaz disfrutatzea. Hori guztia eginda, txapela lortzen badute, askoz alaiago egongo direla adierazi dute. Ez dute lehia helburu nagusi, ezta txapela lortzea ere.
Guztira hamaika bertsolarik kantatuko dute finalean. Arregik adierazi du lehia gogorra izango dela, eta oso parekatua. "Ez dago faborito argirik, eta ez naiz kinielak egitera ausartuko", dio Maider Arregik. Bertsolarietako batzuek ezagutzen dute elkar, adibidez, bertso udalekuetatik, baina beste batzuek ez. Peru Abarrategirentzat finalistetako batzuk ezezagunak dira, baina dio Gipuzkoako eta Bizkaiko bertsolariek maila altuagoa izaten dutela, eta horiek izan daitezkeela txapela eskuratzeko faboritoak.

Egun osoko egitaraua

Bertsozale elkarteak antolatuta, 11:00etan hasiko da finala, bat-bateko saioarekin. Arratsaldez, 15:00etatik aurrera, bertso-eskolen emanaldiak eta erromeria egongo dira. Beñat Gaztelumendik aurkeztuko du saioa, eta Maialen Lujanbiok jantziko dio txapela irabazleari.

No hay comentarios:

Publicar un comentario