Oliba-olioz, gaztaz eta ardoz betetako bonboiak egingo ditu Natrak Oñatin
Aza. 18, 2013, gauerdia Leire Kortabarria
Natraren makina bat lanean, Oñatiko lantegian. |
Mondragon Unibertsitateko Basque Culinary Center fakultateak eta Oñatin lantegia duen Natra enpresak oliba-olioz, gaztaz eta ardoz betetako bonboiak diseinatzeko eta egiteko hitzarmena sinatu dute. Bonboi horiek Oñatiko lantegian egingo dituzte eta jatorri-izendapena izango dute.
Natrako kontseilari delegatuak, Mikel Beitia oñatiarrak, eta BCCko zuzendariak, Joxe Mari Aizegak, sinatu zuten hitzarmena joan den eguaztenean. Urte baterako da hitzarmena.
Bederatzi hilabetean, azterketa bat egingo dute biek. BCCk erreilenoaren formula egingo du eta bonboiak diseinatuko ditu, eta Natrak, haiek ekoiztu. BCCk erreilenoen 90 errezeta aukeratuko ditu ardo, gazta eta oliba-oliozko erreilenoak egiteko. Gero, mota bakoitzeko bonboien analisi sentsorial eta organoleptikoak egingo ditu, BCCk eta Natrak adostu duten kontsumitzaile-profilarendako gustukoena aukeratzeko.
Mota eta kultura askotariko kontsumitzaileekin asmatu nahi da; esaterako, Asiako merkatuan sartzeko aukera aztertzen dabiltza. Gero eta txokolate gehiago kontsumitzen da Asian, batez ere gama altukoa, eta dieta mediterraneoko produktuak gero eta estimatuagoak dira.
Ipar Amerikara eta Asiara
Natra enpresak esan duenez, BCCrekiko hitzarmenak eurendako interes estrategikoa duten hainbat alderdirekin zerikusia du, hala nola bere eskaintza garatzeko berrikuntza, Europatik kanpo haztea -batez ere Ipar Amerikan eta Asian- eta kalitatearen eta osasuntsu jatearen aldeko konpromisoa.
Mikel Beitiak esan duenez, lehenengo aldia du Natrak unibertsitate-zentro teknologiko batekin elkarlanean, eta "jatorria geografiko berbera eta bokazio internazional handia" duten bi erakundeen arteko elkarlana dela esan zuen. Gaineratu zuen ezohiko motibazioa dela eurendako normalean txokolatearekin batera kontsumitzen ez diren baina "gure kultura mediterraneoan hain sustraituta" dauden produktuekin lan egitea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario