Eteo eraikina izango dena definitzen hasiko dira
Aza. 19, 2013, 12:23 p.m. Oihana Elorza
'Sormenari helduz, sortzera eltzia'; leloa eta logoa |
Lankidetza izango da oinarria eta 'Sormenari helduz, sortzera eltzia', leloa. Erradiografia fase honetan sei lan saio egingo dituzte; gaur da lehena. Herriko kultura eragileak daude deituta taldekako lehen lan saioi honetara. Bihar, gizartekintza eragileak eta egubakoitzean, udal teknikariak eta zerbitzuetako langileak.
Eteo eraikinaren izaera eta edukia definitu gura du Udalak eta proiektu horretan ari da Bagarerekin elkarlanean. Herriko kultur eragileekin eta hainbat norbanakoekin egonda eta euren behar eta iritziak jakinda, espazioaren erradiografia faseari ekingo diote. Hau da, informazioa bildu, administrazioek ematen dituzten diru-laguntzak ikusi, herriko taldeen artean dauden sareak aztertu eta herritarrekin berba egin.
Lankidetza egiturak
Herriko eragileek elkarren berri jakitea eta elkarri entzun eta ikustea ere garrantzitsua dela uste dute Udalak eta Bagarak, eta horregatik, Eteo eraikinaren proiektua lankidetzan oinarritzea beharrezkoa jotzen dute. "Denok ez dakigu dena, bakoitzaren ezagutza konpartitu behar dugu eta lankidetza egiturak sortu behar ditugu", adierazi du Johana Olaberria Bagarako kidea eta proiektuaren koordinatzaileak. "Proiektuaren leloa eta irudia esaterako, Oñatiko Bertso eskolako lagunekin eta arte ederrak ikasitako herritar batzuen artean sortu da, lankidetzan".
Lankidetza da, hain zuzen, Eteoko espazioa antolatzeko egingo den lanaren oinarria. "Proiektu sostengarria izan behar da, bai ekonomikoki eta bai lanean ibiliko diren lagunei begira, itogarria ez izateko, eta lankidetzan egingo da ahal den guztia", aurreratu du Olabarriak. Horri lotuta, baina, eraikinean obra edo konponketa batzuk egitea ez dute baztertzen. "Herriko kultur eragileen artean badira musika talde asko, orain arte Errekalden entseatu dutenak. Horiek Eteora ekartzea da asmoa, hango baldintzak ez direlako onak. Horrek ekarriko du, adibidez, intsonorizazio lan batzuk egin beharra", adierazi du Nerea Zubia kultura zinegotziak. "Dena dela, egingo diren inbertsioak izango dira osotasunari begira egindakoak", zehaztu du Johana Olabarriak.
Proiektu bizia
"Orain arte egindako elkarrizketetan ikusi dugu espazio baten beharra dagoela esatean ados daudela eragileak eta horixe definituko dugu orain, denon artean", dio Bagarako kideak. Eta horretarako bilerak egingo dituzte datozen asteetan. "Dena dela, proiektu bizia izango da, ez du amaiera eperik, abian jarriko dugu orain baina berak hartuko du bere martxa eta osatzen joango da", dio Nerea Zubiak.
Horrekin batera, Eteo eraikinaren osasuna aztertzen ere jarraituko dute teknikoak: segurtasun neurriak, su sistema eta teilatuaren egoera aztertzen, esaterako.
Lan saioen egutegia agendan duzue.
No hay comentarios:
Publicar un comentario