martes, 12 de noviembre de 2013

Guardia Zibilaren "jazarpena"



Guardia Zibilaren "jazarpena" salatu du Iosu Lizarralde Oñatiko zinegotziak


Errepidean geldiarazi eta “legez kanpoko galdeketa bat” egin diotela azaldu du Sorturen Kontseilu Nazionaleko kideak.



Gaur astebete, bilera batetik bueltan zetorrela, Guardia Zibilak hark gidatzen zuen autoa geldiarazi eta “legez kanpoko galdeketa bat” egin ziola salatu du Iosu Lizarralde Oñatiko zinegotzi eta Sorturen Kontseilu Nazionaleko kideak. Lizarraldek berak azaldu duenez, ez da lehenengo aldia poliziaren “jazarpena” salatzen duena. Aurretik ere bi salaketa jarri ditu Bergarako auzitegian, antzeko kasuengatik —etxeko postontzian “mehatxuak eta irainak” ere jaso dituela adierazi du—. Salaketa horiek guztiak, baina, “ikerketarik egin gabe” artxibatu egin direla jakinarazi du.
Aurreko asteko gertakariari buruz, Lizarraldek azaldu du bera galdekatzeko “espresuki” geldiarazi zutela. Errepide kontrol bat arazorik gabe igaro eta aurrerago geldiarazi zutela. Errepide nagusitik pixka bat urrundu eta han galdekatu zutela; polizia batek galderak egin zituen bitartean, besteak iraindu egiten zuela. Haren jardun politiko eta pertsonalari buruz “informazio ugari” zutela, eta bereziki galdekatu zutela lan politikoari eta eragile zehatz batzuei buruz —presoen eskubideen aldeko eta errepresioaren aurkako eragileei buruz—.
Donostian eginiko agerraldi batean salatu du gertakaria Lizarraldek, Sortuko bozeramaile Pernando Barrena, Oñatiko alkate Mikel Biain eta Maialen Urzelai zinegotziarekin batera. Pernando Barrenarentzat “oso larria” da gertatutakoa eta adierazi du “Estatu espainiarraren salbuespen politikaren adibide bat” dela. Beste bat. Barrenak gogora ekarri ditu aurreko astean CNI Espainiako zerbitzu sekretuei buruz zabaldutako informazioak —ezker abertzaleko kideak etengabe zelatatzen dituztela plazaratu zuten zenbait hedabidek—. Horrekin batera, Ernai gazte antolakundeak erabiltzen duen lokal baten ondoan “zelatatzeko” jarrita zegoen tresna baten aurkikuntza edo Espainiako polizien errepide kontrol “etengabeak” salatu ditu. Barrenaren iritzian “argia” da Espainiako Estatuko segurtasun indarren funtzioa: “Indar polizialen helburua ez da inondik inora eskubide eta askatasunen berme izatea. Hauen ukazioaren ikur dira. Bortxa eta armen mehatxuaz Espainiar proiektu politikoa inposatzea dute helburu”.
Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari zuzendu zaie Barrena. Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio “euskal herritarrek pairatzen duten indarkeria bakarrari” ezikusia ez egiteko. UPNren gobernuaren kasuan, berriz, salatu du “eskuin muturrarekin” lerratu eta bere jardunaren oinarri bilakatu duela “eskubide urraketaren eta indarkeriaren apologia”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario