miércoles, 28 de enero de 2015

CEGASA

Formalizatu da operazioa

Ubane Madera 2015-01-2
Horixe da Cegasatik jasotako azken ordua: enpresa batzordeak eta konkurtso administrazioak bukatu berri duten batzarrean lortu dute aurre-akordioa. Horren arabera, bihartik (eguaztena) aurrera Oñatiko 131 langileak Sherpa arrisku kapital funtsarendako hasiko dira lanean. Eta ahalik eta lasterren aurkeztu gura dute gainontzeko 300 langile pasarendako kaleratze EREa.


12:30ean hastekoa zen batzarra 14:30ak arte atzeratu arren, aurrera doa Sherpa arrisku kapital funtsak Cegasaren hiru lerroak erosteko operazioa.

Arratsaldean notarioarekin

Cegasako enpresa batzordeko kideek GOIENAri jakinarazitakoaren arabera, Sherpako ordezkariak arratsalde partean joango dira notarioarengana lortutako aurre-akordioa formalizatzera. Horrek ahalbidetuko du, beraz, bihartik aurrera Cegasako Oñatiko 131 langileak Sherparandako lanean hasiko direla.
Operazioa 2,5 milioi euroren truke gauzatzea adostu dute, eta kopuru horri beste 3 milioi euro gehituko litzaizkioke 2015 amaieran negozioaren zenbatekoak 48 milioi euroak gaindituko balitu. Horrez gain, beste 6,3 milioi euroko ekarpena egingo luke Sherpak lanean jarraituko duten 131 lagunei kalte-ordainik eman beharrik ez izanda. Azkenik, ekoizpena finantzatzeko 7 milioi euro sartzeko konpromisoa ere hartua du Sherpak.
Adostutakoaren arabera, gainera, %10 eta 20 artean jaitsiko diete soldata urtean 40.000 eurotik gora irabazten duten langileei.
Bestalde, enpresa batzordetik esandakoaren arabera, "ahaleginduko" dira gainontzeko 300 langile pasari eragingo dien kaleratze Enplegu Erregulazio Espedientea "lehenbailehen" sartzen, "eguenean edo egubakoitzean bertan".

"Aukera gehiagorik ez"

Erosketa honen gainean enpresa batzordearen hasierako balorazioa gazi-gozoa da: "Behartuta moduan hartu dugu. Ez geneukan aukera gehiagorik, egia esan. Nahi genuena zen bizirik geratzen den negozio zatiarekin aurrera egitea. Hemendik aurrera falta dena da baldintzak negoziatzea: organigrama nolakoa izango den… Baina potoloena egin dugu: jarraitzea".

No hay comentarios:

Publicar un comentario