2015-01-22 10:53:31
FINLANDIAN EGON OSTEAN, TALDERA ITZULI BERRI DIRA
Etxean dira berriz ere, Gaizka Irizar eta Julen Agirre
Aloña Mendiko Ohorezko Erregional mailako taldeak, bi aurpegi berri izango ditu aurrerantzean. Ezagunak eta etxekoak izan arren, Gaizka Irizar eta Julen Agirre taldera itzuliko dira denboraldiko bigarren itzuli honetan. Erasmus beka baliatuz, Turku (Finlandia) egon dira azken hilabeteotan eta orain, bidaia amaituta, etxera bueltatu dira. Atzerrian bizi izandako esperientzia eta taldera eginiko itzulera, nolakoa izan den azaldu zuten atzo Oñati Irratian.
Aloña Mendiko futbol talde nagusiak bi fitxaketa egin ditu gabonetako merkatuan. Gaizka Irizar erdilaria eta Julen Agirre atezaina. Biak ala biak ezagunak dira talde gorritxoan baina ikasketen ondorioz, abuztu amaieratik abendura arte, ezin izan dute futbolean jolastu. Finlandian egon beharra zutenez, lehen itzulian fitxa ez egitea erabaki zuen zuzendaritzak. Orain etxera itzuli direnean, errefortzu bikainak izango dira momentu zailak igarotzen dabilen Igor Serranoren taldearentzat.
Lehen itzuli konplexua
Ohorezko Erregional mailako taldeak sailkapeneko behekaldean amaitu du lehen itzulia. Momentu hauetan, hamalaugarrena da jeitsiera postuetatik puntu bakarrera. Denboraldiko lehen zatia, uste baino gogorragoa izan da oñatiarrentzat. Iazko denboralditik, aldaketa handia jasan du futbol saileko lehen taldeak eta momentuz, garaipenak lortzea, oso zaila egiten ari zaio taldeari.
Bigarren itzuliko lehen jardunaldia jolastu ondoren, hemezortzi partidatan 3 garaipen, 9 berdinketa eta 6 porrot erdietsi ditu Serranoren taldeak. Dena den, taldeak ez du etsi nahi eta igandeko partida garrantzitsuari begira, deialdi berezia egin nahi die herriko futbol zaletuei. Aurkari zuzen baten aurka jolastuko du asteburuan Aloñak eta jokuan jarriko diren 3 puntuak eskuratzea ezinbestekoa izango da egoera gehiago larritu ez dadin.
Irizar eta Agirreren prest
Gaizka Irizar eta Julen Agirreren etorrerarekin, bi baliabide gehiago izango ditu aurrerantzean entrenatzaile idiazabaldarrak. Pasaden astean bueltatu ziren lehiaketara eta bigarren itzulian, taldeari duten guztia ematen saiatuko direla adierazi zuten bi protagonistek Oñati Irratian. «Kanpoan egon garen hilabete hauetan, harreman zuzena izan dugu taldekideekin eta aurrerantzean, dena ematen saiatuko gara sailkapeneko egoera hobetu dadin».
Finlandian bizi izandako esperientzia «ahaztezina eta aberasgarria» izan dela onartu zuten biek baina etxerako buelta, «gustora» hartu dutela adierazi zuten. Atzerriko esperientzia eta azken asteetan taldean bizi izandako egoeraren berri eman zuten besteak beste, atzoko irratsaioan.
Hemen daukazue elkarrizketa guztia entzungai:OK MAGAZINEA
No hay comentarios:
Publicar un comentario