lunes, 12 de enero de 2015

Espainiako txapelketan ondo lehiatuz, agurtu dira Arrikrutz Aloña Mendiko ziklistak

OK Magazinea
 XABIER MURGIONDO 15. HELMUGARATU ZEN
Amaiera bikaina eman diote ziklokros denboraldiari Arrikrutz Aloña Mendiko txirrindulariek. Urria amaieran Karrantzan hasitako denboraldiak, atzo itxi zituen ateak Gijonen. Denboraldiko 16. lasterketa izan zen eta egia esan, herriko probarekin batera, ikasturteko bereziana izango zen. Espainiako txapelketan lehiatuz agurtu ziren atzo goizean Aloña Mendiko ziklistak. Estatu mailako txirrindulari onenen artean ere, ederki aritu ziren txantxikuarrak. Onena, Xabier Murgiondo izan zen 15. postuan helmugaratuz.

Parte-hartze esanguratsua izan dute asteburuan Gijonen Arrikrutz Aloña Mendiko txirrindulariek. Atzo goizean, Espainiako ziklokros txapelketako irteera puntuan ikusi genituen taldeko zazpi ordezkariak. Horietatik sei, gonbidatuta eta zazpigarrena (Julen Umerez), urtean zehar egindako merituei esker, Euskal Selekzioaren ordezkari gisa.

Aloña Mendiko ordezkari guztiak larunbat arratsalderako iritsi ziren Gijonera. Julen Umerezek ostiralean egin zuen bidaia selekzioko kideekin eta gainontzeko espedizio guztia larunbatean irten zen Oñatitik. Zirkuitua ikusi eta probatzeko aukera izan zuten eta alderdi tekniko eta zailtasun ugari zituen arren, ikusitakoaz gustora gelditu ziren ordezkari guztiak.

Eguraldi aldaketa eta lokatza

Larunbat gauean botatako euriak erabat aldatu zuen zirkuituaren egoera igande goizerako. Arrikrutz Aloña Mendiko ordezkariak zirkuitura hurbildu zirenerako, aurreikuspen ezkor guztiak bete egin ziren zoritxarrez. Lokatza izugarria zegoen eta ibilbideko gune askotan, bizikleta gainean tente mantentzeko ere, zailtasunak izan zituzten.

Den den, Aloña Mendiko ziklistak egundoko ahalegina egin zuten eta egia esan, ustekabe bat baino gehiago ere eman zuten. Lehena beraien buruari eta hurrena, entrenatzaileei. Izan ere, junior mailako lasterketan, momentu askotan Arrikrutz Aloña Mendiko taldekide bat baino gehiago lehen hamar postuen bueltan ibili ziren. Euskal Selekzioko ziklisten aurretik kasu askotan. Kilometroak aurrera egin ahala ordea, postu batzuk galdu zituzten. Hala ere, lortutako emaitzekin «oso gustora» gelditu ziren talde oñatiarreko arduradunak.

Xabier Murgiondo onena

Guztien artean onena, Xabier Murgiondo izan zen. Murgiondok 15. postuan zeharkatu zuen helmuga. Bere atzetik 40 segundu eskasera iritsi zen Julen Umerez 17. postuan. Junior mailako beste lau oñatiarrak ere maila txukuna eman zuten: Xabier Aiastui (26.), Ekaitz Txintxurreta (36.), Andoni Igartua (41.) eta Beñat Ormaetxea (43.). Kadete mailan ere, Ander Gartziak lasterketa oso duina egin zuen, sailkapen orokorrean 26. postua eskuratuz.

Maila guztietako sailkapen ofizialak kontsultatzeko sakatu [hemen]. Euskal zirkuituko egutegia amaitzeko bi proba -Gueñes eta Abadiño- falta dira, baina Aloña Mendiko ziklistak ez dira bertan izango. Datozen asteotan atsedena hartu eta errepideko denboraldia gertatzea izango baita hurrengo helburu nagusia.
Aloña Mendiko ziklista guztiak Gijonen. Argazkia: Ruper Arkauz

No hay comentarios:

Publicar un comentario