jueves, 29 de enero de 2015

Zarata neurgailua jarri dute haurren liburutegian

Oihana Elorza 2015-01-29 13:50  OÑATI
Semaforo itxura dauka eta erabiltzaileen lasaitasuna bermatzen du urtarrilaren hasieratik.

Zarata neurtzen duen semaforo bat jarri dute haur liburutegian. Helburua da erabiltzaileen lasaitasuna bermatzea. "Askotan zarata larregi sortzen da. Liburutegian isiltasuna behar da eta hori gogora arazteko ere balio du semaforo honek. Zarata maila onargarria egon behar da zerbitzu ona emateko, eta horixe da lortu gura duguna. Askotan zarata gehiegi sortzen da, eta semaforo honekin mezu horixe zabaldu gura dugu, liburutegian gauden mezua", dio Arantzazu Ibarrondok, liburutegiko arduradunak. Bide batez,   liburutegiko txikien txokoa ez dela jolas lekua gogorarazi gura dute bertako langileak, ez dela garrasika eta antxintxika ibiltzeko lekua, liburuaren inguruan tartetxo lasaia eta atsegina edukitzeko lekua baizik.

Finlandiatik

Dezibelio onargarriak zenbat diren sartuta ditu semaforoak bere memorian, eta muga hori pasatuz gero, argi gorria pizten da eta zarata larregi dagoela jakinarazten die liburutegian dauden ume eta gurasoei.
Gabonen ostean jarri zuten eta harrera ona izan du, nahiz eta behin baino gehiagotan jarri den gorriz. "Gorriz jarri eta zarata ateratzen duenean, baina, bertako erabiltzaileek badakite isilago egon behar direla, liburutegian daudela gogoratzen dira eta tonua bajatzen dute, bai. Lortzen du zarata gutxiago egotea, baina lortu behar duguna da semaforo beharrik gabe ere liburutegiaren erabilera ona egitea", dio Arantzazu Ibarrondok.
Arrasateko liburuzainaren bidez jakin zuten semaforoaren berri. "Bagenekien Filandian, esaterako, erabiltzen dituztela horrelako neurgailuak liburutegietan ez ezik baita ikastetxeetako jangeletan ere, adibidez. Arrasateko liburutegian, baina, Bizkaiko esperientzia baten berri jakin zuten eta gustatu egin zitzaigun", dio liburutegiko arduradunak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario