jueves, 3 de septiembre de 2015

Iban Letamendi bigarren

OK MAGAZINEA.


2015-09-01 11:12:06
JOKIN LIZEAGA TALDEKIDEA IZAN ZEN GARAILE
Iban Letamendi bigarren Elizondoko mendi lasterketan
Baztango ikastolak urrian antolatuko duten Nafarroa Oinez dela eta "Oinez Lasterka 2015" izeneko mendi proba antolatu zuen pasaden igandean Elizondon. Euskal panoraman gorenean ari diren hainbat kirolari elkartu ziren bertan eta Iban Letamendi oñatiarrak, beste behin, aurreko postuetan egoteko parada izan zuen. Txantxikuarra bigarren postuan iritsi zen helmugara bere taldekide Jokin Lizeagaren atzetik.

250 korrikalari inguru batu ziren igande goizean Elizondoko mendi lasterketa erakargarri honetan. Guztiek eman zioten bultzada Baztango ikastolari parte hartze hutsarekin. Alde horretatik beraz, ekitaldi arrakastatsua izan zela esan daiteke. Lasterketari dagokionez, 27 km. eta 1800 metro positiboko gorabeherako ibilbidea izan zuten aurretik lehian aritu ziren korrikalariek. Proba bailarako ia herri guztietatik pasa zen, eta ibilbide guztian zehar jende ugari batu zen kirolariak aupatzera.

Korrikalaririk azkarrenak, Jokin Lizeaga eta Monica Tellechea izan ziren. Aurrenekoa, sasoiko iritsi da denboraldiko zati honetara. Izan ere, igandekoaz gain, pasaden astean Katalunian mendi maratoia irabazi baitzuen. Iban Letamendi txantxikuarrak sasoi puntua fintzen jarraitzen du eta lasterketa erregular bat osatu ostean, bigarren postuan iritsi zen helmugara Lizeagatik hiru minutu pasatxora. «Bero asko egin du baina inguruan nituen korrikalarien maila ikusirik, oso pozik nago egindakoarekin» esan digu Letamendik.

16. kilometro arte lasterketa buruan joan zen Lizeagarekin baina azken kilometroetan ezin izan zuen selekzioko kidearen erritmoa eutsi Ibanek: «Pasaden astean lasterketa eta bidaia oso gogorra izan nuen eta igandean karga hori somatu egin nuen hanketan». Podiumeko hirugarren postua Iker Karrera korrikalari ezagunarentzat izan zen. Ultra probetan goi mailan ari den arren, distantzia motzagoetan ere fin aritu zen igandean.

Sailkapen ofiziala [hemen].

Helburu garrantzitsuak aurrera begira

Datozen hileei begira, helburu eta erronka garrantzitsuak izango ditu Letamendik. «Udan gogor entrenatu dut, iazko urte gogorraren ostean kosta egin zait eta erritmoa berreskuratzea» diosku. Txantxikuarraren egutegia ondorengoa izango da datozen asteetan: bi aste barru Axari Trail Idiazabalen, iraila amaieran Gorbeia Suzien eta amaitzeko Hong Kong eta Italiara (Limone sul Garda) joan beharko du munduko kopako azken probetan lehiatzera.

Letamendi igandeko podiumean. Argazkia: Euskaltrail

No hay comentarios:

Publicar un comentario