2015/09/02.
Miren Elgarresta Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendari nagusi izendatu du gaur Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak
Foru Aldundiak ostiralean iragarri zuen Miren Elgarrestaren izendapena, baina ofizialki gaurko Diputatuen Kontseiluan erabaki da. Oñatiarrak arratsaldean bertan hartuko du zuzendari nagusi kargua.
Proposamenak ez-ustean harrapatu zuela aitortu digu Miren Elgarrestak. Baina berarengan jarritako konfiantzak poztu zuela ere esan digu. Erronka eta esperientzia berri bat izango direla adierazi digu eta udal hauteskundeetan alkategai izateko aurkeztu zenean hasitako ibilbidean urrats berri gisa hartzen du.
Miren Elgarrestak sentsibilitate handia du berdintasunaren gaian, txikitatik eta etxetik, bereziki amarengandik jaso zuen transmisioa izan dela adierazi digu. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna bizitza esparru guztietan eragiten duen gai transbersal moduan ulertzen du. Elgarrestak, emakume eta gizonen berdintasunerako organoan lanean diharduen taldearen gidaritza hartuko du, dagoeneko arloan eskarmentua duen lan taldea zuzenduko du.
Miren Elgarresta Oñatiko Udalbatzako kide eta jeltzaleen bozeramalea da gaur egun eta horretan jarraituko du aurrerantzean ere, Aldundiko ardurarekin bateragarria baita. Ez ordea, orain arte zuen ardura profesionalarekin. Elgarrestak Arantzatzuko Parketxean proiektu teknikari gisa lan egiten zuen eta bertan eszedentzia eskatu du Donostiara joan ahal izateko.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario