2015-09-07 11:26:31
SAILKAPEN NAGUSIAN LAUGARREN IZAN ZEN
Xabier Murgiondo irabazle, Lierniako kriteriumeko erlojupekoan
Aloña Mendiko gazte mailako txirrindulariek sasoiko jarraitzen dute. Abuztuko hilea pasa ostean, denboraldiko azken txanpan murgildu dira Ulma taldeko ziklistak eta asteburu honetan, beste behin, maila oso onean aritu dira. Xabier Murgiondok esaterako, Liernian jokatu den mendiko kriteriumeko erlojupekoa irabazi zuen. Julen Umerez berriz, Sabiñanigon jokatu zen Espainiako jubenil mailako txapelketan lehiatu zen Euskadiko selekzioarekin.
Iraileko lehen asteburuak albiste onak utzi dizkigu txirrindularitzan. Ulma Aloña Mendiko gazte mailako ziklistak, denboraldiko azken pedalkadak ematen ari dira baina badirudi indarrak oraindik soberan dituztela. Izan ere, urte guztian gertatu den bezala, asteburu honetan ere, protagonista izan ditugu Oñatiko txirrindulariak.
Atzo goizean XXXIV. Lierniako Saria jokatu zen Gipuzkoako herrixka dotorean. Zita bikoitza osatu behar izan zuten goizean txirrindulariek. Goizeko 9:30etan errepideko proba izan zuten. 55 kilometroko zirkuituan Limousin taldeko Unai Iribar izan zen azkarrena. Lehia oso azkarra eta bizia izan zen, ikusi besterik ez, garaileak atera zuen bataz bestekoa (38,11 km/h). Oñatiarren artean onena, Xabier Murgiondo (11.) izan zen, garailearengatik ia bi minutura zeharkatu zuen helmuga arrastoa Ulma taldeko txirrindulariak. Ekaitz Txintxurretak ere parte hartu zuen eta 31. helmugaratu zen.
Eguerdian (11:45) berriz, erlojupekoa osatu behar izan zuten eta proba motz honetan onena Xabier Murgiondo oñatiarra izan zen. Ulma Aloña Mendiko ziklistak 7:54 segundutan osatu zuen ibilbidea eta 3 segunduko aldea atera zion bigarren sailkatua izan zen Luis Mari Garikano Limousin taldeko ziklistari. Erlojupekoan aritu ziren 30 ziklisten artean Ekaitz Txintxurretak ere lan txukuna egin zuen. 22. postuan helmugaratu zen bere taldekidearengatik 55 segundutara. Aipatu baita ere, bi emaitzei esker, Murgiondo kriteriumeko sailkapeneko laugarrena izan zela.
Umerez Espainiako Txapelketan
Taldekide batzuk Lierniako proban ari ziren bitartean, Julen Umerez Espainiako junior mailako txapelketan lehiatu da asteburuan. Euskadiko Selekzioko ordezkari gisa izan da bertan Umerez eta esperientzia oso aberasgarria izan da Aloña Mendiko ziklistarentzat.
Estatu osoko txirrindularirik onenak elkartu ziren Hueskako probintzian eta irteera lerroan abiatu ziren 138. ziklisten artean, 74. postua eskuratu zuen txantxikuarrak. 110,5 km zirkuitua izan zuten eta guztien artean onena, Valentziako Alejandro Gómiz izan zen. 42,2 km/h bataz bestekoa atera zuen irabazleak eta Umerezek garailearekiko 2:48 atzerapena izan zuen helmugan.
Denboraldi amaiera
Gogoratu beharra dago, denboraldi amaierara iristen ari garen honetan Umerez, Gipuzkoako ranking-eko txirrindularirik onena delan. 168 punturekin sailkapeneko lehen postuan gogor jarraitzen du Aloña Mendiko ordezkariak. Bigarrena (Oier Ibarguren) 21 puntura eta hirugarrena (Ander Amonarriz) 33 puntura ditu Umerezek. Denboraldia amaitzeko 2 prueba falta dira; larunbatean Oñatin eta igandean Ibarran jokatuko den udazkeneko kriteriuma eta irailaren 19an Larratxoko Saria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario