lunes, 28 de septiembre de 2015

Julen Umerez, AMPO taldean arituko da datorren denboraldian

OK MAGAZINEA

2015-09-24 07:16:30
GIPUZKOAKO RANKING-A IRABAZI BERRI DU GAZTE MAILAN
Julen Umerez, AMPO taldean arituko da datorren denboraldian
Eskertuta eta hunkituta. Horrela antzeman genuen atzo Julen Umerez Aloña Mendiko gazte mailako txirrindularia. Denboraldia amaituta, Oñati Irratiko mikroetatik pasa zen Gipuzkoako ranking-eko irabazle berria eta sasoiko errepasoa egiteaz gain, datorren denboraldian afizionatu mailako AMPO talde indartsuko kide izango dela jakinarazi zuen.

Distira edo garaipen asko lortu gabe, baina txirrindulari puska dela erakutsi du azken denboraldian Ulma Aloña Mendi taldeko Julen Umerez txirrindulariak. Erregularra eta beti aurrean ibiltzen den horietakoa. Gazte mailako bere azken urtean lortu dituen zenbakiak ikusi besterik ez. Lehiatu dituen lasterketa ia guztietan lehen hamar postuetan zeharkatu du helmuga txantxikuarrak eta erregulartsun horri, hiru podium gehitu behar zaizkio. Apirilean Zarautzen hirugarrena izan zen eta denboraldiko bere momenturik onena, uztailean iritsi zen. Mendaron esaterako, bere kirol ibilbideko lehen garaipena lortu zuen eta bi aste geroago, etxean jokatu zen Arantzazuko igoeran garaipena zentimetro bakarragatik galdu zuen; bigarrena izan zen.

Uztaileko lasterketetan pilatutako puntuek bultzada handia eman zioten Gipuzkoako ranking nagusiko sailkapenean, baina bere meritua, urte guztiko erregulartsunean egon da. Hori horrela, pasaden astean denboraldiko azken proban (Larratxon) bostgarrena izan ondoren ziurtatu zuen garaipena Umerezek. Aloña Mendiko txirrindulariak 180 puntu batu ditu guztira eta sailkapenean bigarren izan den Oier Ibargurenek (172) baino zortzi puntu gehiago pilatu ditu. Hirugarrena, Ander Amonarriz (145) dexente atzerago gelditu da. Sailkapenhonekin jarraituz, aipatzekoa da Xabier Murgiondok lorturiko seigarren postua. Oñatiarra gazte mailako lehen urteko ziklista da eta denboraldi oso ona burutu ostean, 101 punturekin bere adinekoen artean, bigarren onena izan da.

Balantze positiboa

Denboraldia amaituta eta Ranking-eko garaipena poltsikoratuta, Oñati Irratiko estudioetatik pasa zen atzo Julen Umerez. Oso pozik azaldu zen garaipenagatik eta neurri handi batean, urteko helburuetako bat zela onartu zuen. «Azken urteetan nola ibili naizen ikusirik, egia esan, espero nuen aurrean ibiltzea. Baina garaipena lortzea handia izan da. Sailkapen honek urteko erregulartasuna saritzen baitu» zioen.

Mendaro eta Arantzazuko lasterketak, inflexio puntu izan dira Aloñako ziklistarentzat. «Bi proba hauetan puntu asko pilatu nituen eta hor hasi nintzen benetan sailkapen hau irabazi nezakela sinesten». Urtea oso ona izan bada ere, momentu zailak bizi izan dituela ere jakinarazi zuen: «Denboraldi hasieran esaterako, ez nuen pedal kolpea bilatzen eta momentu batzuetan negar eta dena egin nuen. Ez nintzan gustora sentitzen nire buruarekin. Baina egun batetik bestera, egoera aldatu eta sekulako konfidantza irabazi nuen». Errekuperazio prosezu honetan, etxekoek izan duten garrantzia azpimarratu nahi izan zuen.

Sorpresa eta etorkizuna

Saio amaieran ustekabeko ederra jaso zuen Umerezek. Markel Irizar txirrindulariak zorioneko mezu bat utzi baitzion elkarrizketan zehar ziklista txantxikuarrari. «Hitzik gabe gelditu naiz. Markel idolo bat da neretzat eta sekulako detailea izan da» azaldu zuen esker onez.

Elkarrizketa amaieran berriz, eguneko titularra utzi zuen Umerezek: «Datorren urtean AMPO Goierriko txirrindularitza bultzatuz taldean ariko naiz. Oso eskertuta nago bai beraiei eta baita Gary Bañosi. Fitxaketa gauzatzerakoan asko lagundu didate eta». Afizionatuetako lehen denboraldia erronka handia izango dela ere onartu zuen. «Niretzat ohore bat da afizionatu mailan dagoen talde erreferente batean aritu ahal izatea eta egia esan, erronka oso polita daukat aurretik» adierazi zuen. Ondo merezitako atseden egunak hartu ostean, urtea amaitu aurretik, pedalei astinduz hasi beharko du berriz ere Umerezek.

Denboraldiko balantzea eta batez ere etorkizunean izango dituen helburuei begiratuz amaitu zuten atzoko elkarrizketa mamitsua. Entzuterik izan ez bazenu, hemen beheko podcast-ean daukazue solasaldi guztia:


Umerez, Gipuzkoako ranking-eko onena izan da. Argazkia: Teresa Lopez de Abetxuko

No hay comentarios:

Publicar un comentario