2015-08-31 20:43:26
DENBORALDIKO LEHEN GARAIPENA DA
Mikel Altuna eta Erik Fuente garaile, Baños de Riojako rallyan
Mikel Altuna eta Erik Fuente oñatiarrek, garaipena eskuratu zuten abuztuko hirugarren asteburuan Baños de Riojan jokaturiko rallyan. Copa Focus izeneko txapelketan lortu zuten denboraldiko aurreneko txapela.
Beste Kirol batzuetan ez bezala, automobilismoan ari diren kirolariek bere pasioaz gozatzeko eta lehiatzeko aukera ezberdinak izan dituzte oporretako hilean zehar. Abuztuaren 22an esaterako, Baños de Riojako rallyaren laugarren ekitaldia jokatu zen eta Mikel Altuna eta Erik Fuente oñatiarrek, garaipena lortu zuten Copa Focus izeneko txapelketaren barruan.
Txantxikuarrek lan bikaina egin zuten Ford Focus autoarekin. Lehen partzialean «notekin arazoak izan ditugun arren», bigarren postuan amaitu zuten; lehen postutik hiru segundu eskasetara. Lehen zatian egindakoa ikusi ondoren, bigarren partzialean «arriskatu eta lehen postuaren bila» jo zutela onartu digu Fuente kopilotuak. Hori horrela, partzialik onena oñatiarrena izan zen eta hori gutxi balitzscrach-a egitea lortu zuten.
Hirugarren eta azken partziala erabakiorra izan zen. Oñatiarrek egoera oso berezia izan zela onartu digute: «Inoiz ez gara horrelako egoera batean egon. Guretzat berria zen eta lidertza defendatzera irten ginen, lasai eta gauzak ondo eginaz». Zorionez, azken zatia ere bikain joan zen Altuna eta Fuenterentzat eta azkenean, 1,2 segunduko aldearekin gailendu ziren Iñaki Ubiria eta Gorka Biainekiko. Sailkapen ofizial guztiak [hemen].
Hirugarren proba puntuagarria
Errioxakoa, Copa Focus RACVN txapelketako hirugarren proba puntuagarria izan zen. Aurrenekoan (Nafarroan), arazo mekaniko bat tarteko, erretiratu beharra izan zuten. Santillanan jokaturiko hurrengo proban, hirugarren izan ziren eta azken honetan, garaipena eskuratu dute. Argi dago etengabe haziz doan bikotea dela Altuna eta Fuenterena.
Denboraldia amaitu aurretik baina, beste bi proba osatu beharko dituzte txantxikuarrek. Iraila amaieran Arnedon eta urrian Ultzaman.
No hay comentarios:
Publicar un comentario