Mar. 5, 2013, 11:13 a.m. Julen Iriondo
Oinez azkarren nor ibili lehian sortu omen zen martxa. Baina non dago oinezkoaren eta korri egitearen arteko muga? Arau batzuk jarri –nagusiak, hanka bat beti lurrarekin kontaktuan egon beharra eta aurrean dagoen hankako belauna ezin tolestearena– eta horra. Hala azaldu digu, dakigula, Debagoienean atletismoaren diziplina hau praktikatzen duen lagun bakarrak: "Aurretik alaba ibili zen, kadetea zela, denboraldi batez", dio Juan Carlos Ugartek (Oñati, 1957).
Bakarra, eta Euskadiko txapelduna bera, beteranoetan, otsailaren 17an Gasteizen irabazita. Hori "anekdotikoa" dela dio, soilik hiru lagun zirelako lehian.
Nolatan hasi zinen martxa praktikatzen?
Juan Carlos Ugarte, martxa lasterketa batean. |
Ba berezia behar zuen zuretzako 54 urterekin hastea txapelketetan- eta lehian, ezta?
Bai, bai [barre]. Ohituta nengoen Marisolekin [Ramos, emaztea du] joatera, laguntzaile modura. Oso gazte nintzela bakarrik egon nintzen federatuta, krosak-eta egiten. Baina ordutik korrikalari herrikoi moduan bakarrik ibili naiz.
Orain arte esandakotik atentzioa eman didan beste gauza bat: lesioetarako hobea dela martxa; kanpotik kontrakoa dirudi, posturak behartuagoak direlako.
Bai, horrela ematen du. Baina Interneten-eta begira ibilita, askok esaten dute jende nagusiarentzat oso ona dela martxa, kolperik ez dagoelako. Korrika egitean kolpea jotzen da mokorretan, belaunetan, orkatilan... eta asfaltoan eginez gero, gehiago. Horrez gain, niri oso ondo datorkit, ze taupadak ere ez doaz topera; korrika, ordea, pixka bat behartuz gero berehala igotzen dira taupadak, eta adinarekin bihotza ez da edonola ibiltzeko egoten. Martxan, taupadak lasaiago doazenez, entrenamendu luzeagoak egiteko aukera dago; nik, adibidez, ordu eta laurden inguru entrenatzen dut.
Teknika ikastea erraza al da?
Egia esanda oso zaila da. Eta, gainera, mugimendua naturala ez denez, martxa egiten zoazen bitartean teknika errespetatzea pentsatzen joan behar duzu denbora denean. Hasten bazara beste gauza bat pentsatzen, berehala ohartzen zara ez zarela ondo egiten ari. Nola egin behar den edonon topatuko duzu, hori egitea da batere erraza ez dena. Muskulu desberdinak erabiltzen dira korrika egitearekin alderatuta, gehiago gluteoak-eta mugitzen dira; hortaz, ohitu arte kosta egiten da. Baina behin hartuz gero, ni behintzat, ez naiz korrika eginda bezain nekatuta geratzen.
Eta esan daiteke teknika menperatzen duzula, edo beti dago hobetzeko aukera?
Ez, ez [barre]. Oraindik ere gauza batzuk ez zaizkit ateratzen. Gauza bat da arauak betetzea, baina gero kontuan hartu behar da atzeko hankarekin inpultsua nola hartu, besoak nola eraman... Entrenatu eta entrenatu egin behar da. Banoa, poliki-poliki. Uste dut gero eta hobeto egiten dudala, eta hori ikusten da: teknika zenbat eta hobeto egin, azkarrago joaten zara, berez. Lehiaketetan ari naiz denborak hobetzen.
Bai; ikusi dut iazko Espainiako Txapelketatik oraingo Euskadikora ia bi minutu eta erdi hobetu duzula [5.000 metroetan].
Espainiakora joan nintzen bi hilabete entrenatuta. Orain gehiago entrenatuta nago, hilabete batzuk badaramatzat, eta ari naiz teknika hobetzen poliki-poliki. Euskadiko Txapelketan oso gustura geratu nintzen lortu nuelako azarotik hona minutu eta segundo bat jaistea nire marka onena. Teknika aldatu egin dut apur bat eta askoz azkarrago ibiltzea lortu; niretzako oso denbora ona lortu nuen. Baina gero bideo batzuk ikusi eta ikaratu egiten zara ikusita nola ibiltzen diren. Nik azken txapelketan 5:27an-edo egin nuen kilometroa, eta elitekoek lau minutuan-eta egiten dute. Ikusten duzu eta ez duzu ulertzen nola egin daitekeen martxa halako abiaduran. Baina uste dut oraindik badudala hobetzeko tartea.
Lasterketa aldetik, Espainiakoa, Euskadikoa eta halako txapelketez gain, izaten dira gehiago?
Oso gutxi, nik dakidanez. Nik urte bat daramat martxa egiten; Euskadin martxako probarik egiten denik ez dut inoiz entzun, ez dakit egingo den. Katalunian bai, badaude, han asko praktikatzen da martxa. Duela bi aste izan da hango txapelketa, eta kategoria guztien artean, infantiletatik beteranoetara, ia 500 atleta aurkeztu ziren. Andaluzian ere egiten da martxa. Orduan, leku horietan egoten dira proba gehiago. Hemen, Gipuzkoan, lauzpabost izango gara martxa egiten dugunak, baldin bagara; nik beste bi baino ez ditut ezagutzen...
... Debagoienean zu izango zara, agian, bakarra.
Ba pentsatzen dut une honetan baietz; nik behintzat ez dut beste inor ikusi.
Ba hain lasterketa gutxi egonda, ez da erraza izango, batez ere gazteentzat, martxa egiteko motibazioa edukitzea.
Pentsatzen dut ezetz. Gazte bat martxan hastea zaila izan behar da; lehenengo, inor ez dutelako ikusten hemen. Hasteko motiboa izan daiteke baten bat ikustea egiten, edo entzutea talde batean bizpahiruk egiten dutela. Halakorik ez dago hemen eta, bestalde, lehia gutxi daude. Nik behin bakarrik egin dut lehia bat txapelketakoa ez dena, Toledon, azaroan; krosa eta martxa zeuden, Marisolek egin zuen krosa eta nik martxa, turismoa eginez bide batez. Zaila da. Dena dela, neuri lehia ez zait gehiegi gustatzen; entrenatzen duzu, eta lehiaketetan neurtzen duzu nola zabiltzan. Baina nik egiten dut kirola egitearren eta gustura nabilelako martxa egiten.
Herrian ezer esaten dizute martxa egiten ikusten zaituztenean?
Jende denak. Nik uste Olatera paseoan doazenak ohitu direla dagoeneko, baina lehen beti esaten zidan Marisolek jendeak atzera begiratzen zuela pasatzen nintzenean. Eta jendeak komentatzen dit bai, egiten dudana zer den, martxa al den.
Beteranoen Europako Txapelketa izango duzu hurrengo erronka, martxoan Donostian. Ze asmorekin?
Aprobetxatu egin behar da hemen bertan eginda. Asmoa da parte hartzea eta esan ahal izatea Europako Txapelketa baten egon naizela. Ikusten duzu zeintzuk apuntatzen diren eta ze denbora dituzten eta mundu bat dago haien eta nire artean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario