Xabier Zabaleta: "areagotu gura dugu herritarrak elkartuz"
Mar. 27, 2013, gauerdia Txomin Madina
Udaleko Euskara Departamentuak Berbalagun egitasmoa jarri du martxan. Xabier Zabaleta Euskara teknikariak azaldu digu zertan datzan programa hori.
Zer da Berbalagun egitasmoa?
Euskaraz egiteko ohitura duena euskaraz egiteko ohiturarik ez duenarekin elkartzeko proiektua. Helburua da euskararen erabilera areagotzeko aukera berriak ematea.
Xabier Zabaleta, Udal Euskaltegian. |
Lehenengo aldiz jarri da martxan Oñatin. Zergatik orain?
Aurreko urtean ibili gara Euskara Biziberritzeko Plana lantzen eta taldeetan ikusi da beharra zegoela, euskara ikasten ari direnen aldetik batez ere, mintza-praktika programa bat martxan jartzeko, eta hauxe da horren ondorioa.
Zein da dinamika?
Beste herri batzuetan egiten den moduan, Oñatin ere, euskaraz egiten duen pertsona bat egiten ez duen beste batekin elkartzea da asmoa. Eskatzen duguna da astean behin gutxienez, ordubetez, bi herritar horiek elkartzea euskaraz egiteko. Horrela, uste dugu erabileran laguntzeko programa egokia dela, aukera ematen digulako era informalean erabilera hori areagotzeko.
Zer egin elkartu eta gero?
Talde bakoitzak bere zaletasunen arabera erabakiko du non eta noiz elkartu. Guk, gutxienez, astean behin elkartzeko konpromisoa eskatzen dugu, baina badakigu maizago elkartzen direla gero.
Zer iruditu zaie egitasmo hau euskaltegiko ikasleei?
Horrelako egitasmoetan oinarrietako bat euskara ikasleak izaten dira. Momentu honetan 15 lagunek eman dute izena proiektuan parte hartzeko, bai Berbalagun bai Berbalaguntzaile izateko
Eman daiteke izena oraindik?
Martxoan egin dugu proiektu honen kanpaina. Lehen hamabostaldia izena emateko epea izan da eta aste hauetan lehen taldeak gura ditugu martxan jarri. Hasiera batean, lau talde hasiko dira, baina interesa duenak eman dezake izena oraindik, bai. Gure asmoa da apirilean hasi eta ekaina bitartean jartzea martxan talde batzuk.
Nola osatuko dira taldeak?
Oraingoz, bizpahiru Berbalagunek eta beste Berbalaguntzaile batek osatuko dute. Orain arte 15 lagun apuntatu dira. Horietatik bederatzi Berbalagunak dira eta sei, Berbalaguntzaile.
Oñati herri egokia da kalera atera eta euskaraz berba egiteko?
Bai. Euskaraz bizitzeko aukera guztiak daude Oñatin eta ikasleek beste herri batzuetan baino abantaila handiagoa dute. Batzuek, baina, euskaldunik ondoan ez dutelako edo lotsa dutelako, ikusten dute horrelako proiektu baten beharra badagoela eta lagungarria izango zaiela ikasitakoa praktikatzeko, gehiago ikasteko eta baita lagunak egiteko ere.
Noiz arteko programa izango da?
Normalean, ikasturteka funtzionatzen dute. Guk ikasturte erdian jarri dugu martxan, eta orduan helburua izango da apiriletik ekaina bitartean astean behin, behintzat, taldeak elkartzea. Ekainerako jai edo ekitaldi bat antolatzeko asmoa dugu, proiektuan ibili diren guztiak elkarrekin egoteko. Aurrera begira, ikasturte osorako programazioa egiteko asmoa dugu.
Interesa duenak non eman behar du izena?
Biderik errazena Udal Euskaltegira joatea da. Datuak hartu eta saiatuko gara talderen baten sartzen. Bestela, talde berriak ere egingo ditugu eta han ere izan dezakete tokia. Euskaraz berba egitea da helburua, eta talde hauek aukera polita dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario