martes, 5 de marzo de 2013

Iñaki Aldekoa

 "Ideologia guztien gainetik, Euskaltzaindiak hiritar guztien errespetua merezi duela uste dut"


Mar. 5, 2013, 10:33 a.m. Aitziber Aranburuzabala



Iñaki Aldekoa idazlea berak idatzitako 'Historia de la literatura vasca' liburua eskuetan duela.
Iñaki Aldekoa (Oñati, 1961), EHUko literatura eta hizkuntza irakaslea da 1987a geroztik, idazlea ere bada eta baita Erein argitaletxeko literatura zuzendaria ere. Izendapen berri bat jaso zuen baina, otsailaren 22an, Euskaltzain urgazle izendatu zuten-eta. Hiru seme-alaben aita da; egun, Donostian bizi da.







Euskaltzain urgazle izendatu zaituzte orain gutxi. Zer da hori?



Urgazlek laguntzaile esan nahi du. Gu ez gara euskaltzain oso; horiek dira Euskaltzaindiaz hitz egiten denean jendeari bururatzen zaizkionak: Ibon Sarasola Jean Haritshelar, Bernardo Atxaga, Xabier Kintana, eta halakoak. Gurea ezkutukoa da. Nik aipatu berri ditudan horietakoren batekin nago hilero elkartzen garen Literatura Batzordean. Batzorde horietan euskaltzain osoak eta urgazleak elkarren ondoan lan egiten dugu. Euskaltzain osoak urgazle izan dira lehenago.



Sarritan galdetzen dizute Euskaltzain urgazlearen esanahiaz?



Bai, egia esan; maiz erabiltzen den hitza den arren, inork gutxik jakiten du zer arraio esan nahi duen. Neronek ere hiztegian begiratu nuen, badaezpada ere.



Zer dela-eta izendapen hori?



Egia esan, ez diot garrantzia handiegirik ematen izendapen horri. Hara, 2005tik aurrera, egia esango badizut nire Historia de la literatura vasca (2004) (Euskal literaturaren historia, 2008) liburua argitaratu nuenez geroztik hona ari naiz lanean Euskaltzaindiaren Literatura Batzordean. Bide batez argitu, Euskaltzaindiako batzorde baterako deitua izateko, han eta hemen argitaratu behar izan dituzula lanak, bakoitzak bere esparruan. Literatura batzordean sartzeko baldintzen artean dago, era berean, doktore izatearena.



Zelako lanak egiten dituzu Literatura batzordean?



Ni sartu nintzenean Literatur terminoen hiztegia lana burutzen ari ziren. Euskaltzaindiako webean dago orain. Gure zeregina da literaturarekin zer ikusirik izan duten idazle askoren mendeurrenaz arduratzea, eta ahal denetan egileari buruzko argitalpen bat paratzea. Omenaldiak ez dira bakarrik mendeurren edo post mortem izaten. Momentu honetan Euskal literaturaren antologia handi bat prestatzen ari gara.



Monografia eta liburu horietan hartu dut parte, eta hitzaldiak eman eta artikuluak ere argitaratu ditut. Literatura batzordeari egokitzen zaio, era berean, Literatura Sari Nazionaletako epaimahaietan egotea, nahiz eta ni lan horretan ez naizen izan.



Zure iritziz, gizarteak zer daki Euskaltzaindiaz? Eta zer jakin beharko luke?



Nik uste dut Euskaltzaindiak gizarte osoaren oniritzia behar lukeela eduki. Ideologia guztien gainetik Euskaltzaindiak euskal hiritar guztien errespetua merezi du. Beste kontu bat da hori duen edo ez, eta zergatik.



Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea ere bazara.



Garai bateko ETEO-n egon ondoren, EHUko irakaslea naiz. 1987tik gaur arte eman ditut klaseak unibertsitatean. Literatura klaseak eta hizkuntzaren eta literaturaren didaktikak eman ditut, Donostiako Irakasle Eskolan eta Gasteizko Letren fakultateko master eta doktorego sailetan, besteak beste. Eskola katedraduna naiz 1999tik geroztik.



Idatzi ere egiten duzu, idazlea ez zarela diozun arren.



Ez naiz idazlea, idazlea baldin bada literatura idazten duena. Literaturan ipuin gutxi batzuk baino ez nituen idatzi, eta tartean txiripaz Ignacio Aldecoa saria irabazi nuen. Baina hori oso urruti geratzen zait, 1989an gertatu zen-eta. Saiogile moduan ikus nezake neure burua, saiakera akademikoan, ez bete-betean hizkuntza akademiko zurrunean, hori baino askeago idazten saiatzen naiz. Baina beti ere literatura eta artearen inguruan.



Laburbildu zure idazle ibilbidea.



Antologiak eta beste kontuan hartuta zortzi bat liburu idatzi ditut. Aurrenekoa Atxagaren Obabakoak liburuari buruz idatzi nuen, nirea izan da haren obraz idatzi zen lehena, eta baita Obabakoak liburuari buruz argitaratu zen aurrenetako kritika ere, “Literatura Gazeta”n. Antzarra eta ispilua zuen izenburua liburu hark eta 1992an argitaratu zen. Gero poesiari buruzko saiakerak idatzi nituen Zirkuluaren hutsimina (1993); Gabriel Arestiri buruzko Munduaren neurria (1998); Mendebaldea eta narraziogintza (1998), batzuk aipatzearren.



‘Historia de la literatura vasca’ izan da zure lanik entzutetsuena.



Liburu horrek nire ibilbide oso bat bilduko luke. Horrelako lan bat idazteko lan monografiko edo idazle askoren lanei buruzko lanak idatzi behar izaten dituzu aurretik. Baina gerora ere jarraitzen dut han beharbadada sakondu gabe geratu ziren puntuak sakontzen; esate baterako, XVI. mendeko Etxepare poetaren gainekoak edo XVIII. mendeko Peñafloridaren eta Barrutiaren antzerkiaren ingurukoak ari naiz ikertzen eta idazten.



Zein genero duzu, baina, zuk gustukoen?



Irakurtzeko narrazioa eta saiakera aukeratuko nituzke; idazteko, berriz, saiakera aukeratuko egun. Baina garai batean poesia irakurle amorratua izan nintzen, eta baita ipuin irakurlea ere. Orduan egin nituen pare bat antologia, bata poesiarena, Madridik eskatutako Antología de la poesia vasca (1991) eta bestea institutu askotan irakurri zen Euskal ipuinen antologia bat (1993).



Euskaraz eta gazteleraz idazten duzu. Zeren arabera bat edo bestearen aldeko aukeraketa?



Kanpoko eskaria denean gazteleraz idatzi izan dut. Esate baterako, Historia de la literatura vasca hori idatzi nuenean buruan nuen modeloa zen guretzat, Bartzelonako batentzat eta Berlingo batentzako ulergarri gertatzea. Ulergarri esaten dudanean literatura paradigmaz ari naiz, harako eta honako balioko lukeen maila berean jardutea. Eta ez maiz gurean egin ohi den moduan, txokokerian eroriz. Kanpoan gure literaturaren berri edo jakin gura izan nahi dutenetan, liburu hori aipatu izan dute sarritan.



Baduzu une honetan lanen bat eskuartean?



Beti nago zerbait idazten. Eta enkargu asko ere jasotzen ditut. Badakizu, beti findu daiteke gure iraganaren historia.



Erein argitaletxeko literatura zuzendaria ere bazara.



1994ko udaberrian hasi nintzen Erein-eko kontuekin: argitaratuko ziren liburuak aukeratu, aurkezpenak egin, horien literaturaz idatzi eta halakoak egiten.



Arriskuan ikusten duzu paperezko formatua digitalaren aurrean?



Gutenberg-etik Interneterako aldaketa, soseguz ari da gertatzen. Urte batzuk beharko dira parekatzeko; eta gero paperari digitalak irabaziko dio. Baina urte batzuetan biak egongo dira.



Horrenbeste liburu artean murgilduta izaten zarenez, gomendatuko dizkiguzu batzuk?



Etxekoak gomendatuko dizkizut: Saizarbitoriaren Martutene; Pello Lizarralderen Orbanak; Bernardo Atxagaren Obabakoak (25 urteak ospatzeko aitzakiarekin); ospe handia hartzen ari den gazteleratik itzulitako Dolores Redondoren Zaindari ikusezina eta haurrentzako adibidez, Toti Martinez de Lezearen Nur liburua.





No hay comentarios:

Publicar un comentario