1998an jaiotako 90en bat neska eta mutil irtengo dira kintto-batzea egitera
2016/02/05
Domekan, herri gunean ibiliko dira santa eskean eta hurrengo zapatuan, auzoetan
2014ko kinttoak |
Astebeteko atzerapenez irtengo dira 98an jaiotako kinttoak Santa Ageda ospatzera. Ohitura, otsailaren 5aren aurreko domekan eta ondorengo zapatuan irtetea da, baina bihar kaleratuko den Oñatiko inauterien konpartsarekin bat ez egitearren kinttoen irteerak astebetez atzeratzea erabaki da. Hala, domekan herriko kaleetan ibiliko dira kopla kantari eta hurrengo zapatuan, hilaren 13an, baserri auzoetatik barrena.
Kinttoak esanda urte berean jaiotakoak ulertu behar dira. Bai mutil eta baita neskak ere. Urteetan mutilak bakarrik irteten ziren arren, santa eskean neska eta mutil elkarrekin irtetea ohitura bihurtu baita. Garai batean, soldaduskarako kajan sartzen ziren mutilak ziren Santa Ageda egunaren inguruan kale eta auzoetatik ibiltzen zirenak. Gaur egun derrigorrezko soldadutza desagertu da baina herriko kintoek ohiturari eusten diote. Hori bai, soldaduska profesionala neskek eta mutilek egin dezaketenez kintto-irteeretan guztiek bat egiten dute. 1998an jaiotakoei tokatzen zaie aurten. 90en bat lagun izango dira.
Ohikoa denez azken asteak eman dituzte santa eskean kantatzen diren koplak, abestiak ikasten. Orain arte egindako lana datozen bi asteburutan ikusi eta bereziki entzun ahal izango da. Domekan, 1998an jaiotako kinttoak herri gunetik ibiliko dira santa eskean. Horretarako zita goizean goiz plazan egin dute eta handik abiatuko dute eguneko erronda. Errekalde inguruan hasiko dira eta San Lorentzo, Ugarkalde eta Olakuan barrena ibili ondoren, plazarantz abiatuko dira berriro bidean dauden kale eta auzuneak zeharkatuz. Denek elkarrekin bazkalduko dute. Hori, domekarako plana. Hurrengo zapatuan, otsailaren 13an auzoetatik barrena ibiliko dira santa eskean.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario