jueves, 25 de febrero de 2016

IONE ELORZA

OK MAGAZINEA

2016-02-25 06:54:27
HIRU DOMINA IRABAZI DITU MUNDUKO SOKATIRA TXAPELKETAN
Ione Elorza: «Ikurrina podiumean ikustea izugarria izan da»
Pasaden ostegunetik igandera bitartean, Munduko Sokatira Txapelketa jokatu da Volendamen (Holanda). Klub eta nazio arteko lehiak izan dira eta euskal ordezkariak maila bikainean aritu dira. Ione Elorza oñatiarrak esaterako, hiru domina eskuratu zituen. Zilarrezkoa Badaiotz taldearekin eta bi brontzezko Euskal Selekzioarekin.

Hamahiru dominarekin itzuli dira Euskal Herriko ordezkariak, Volendamen (Holanda) jokatu berri den goma gaineko Munduko Txapelketatik. Klub mailan zortzi domina lortu dituzte Gaztedik, Ibarrak, Sokarrik, Berriozarrek eta Badaiotzek; eta nazioka beste bost Basque Country selekzioak. Ione Elorza oñatiarrak taldeka zein naziokako tiraldietan parte hartu zuen eta guztira hiru domina lortuta itzuli berri da etxera.

Ostiralean klub moduan lehiatu zen Badaiotzekin eta 500 kiloko kategorian zilarrezko domina lortu zuten. Finalean Txina Tapei izan zuten aurkari. Larunbat eta igandean berriz, selekzio ofizial moduan aritu ziren. Eta kasu honetan 500 eta 540 kiloko mailetan hirugarren postua lortu zuten Txina Tapei eta Taiwanen aurrean izan zituztelarik.

Balorazio positiboa

Urrezko dominarik lortu ez arren, arrakastatsua izan da Volendamen jokatu den Munduko Sokatira Txapelketa. Klub mailan eta nazioka hamahiru domina lortu baitituzte Euskal Herritarrek. Zilarrezko lau eta brontzezko bederatzi.

Klub mailan, guztira bederatzi domina lortu ziren. Gaztedik bi, zilarrezkoa emakumezkoen 540 kilokoan, eta brontzezkoa emakumezkoen 500 kilokoan. Beste bi Ibarrako taldeak: brontzezkoa emakumezkoen 540 kilokoan, eta zilarrezkoa 600 kiloko mistoan. Sokarrik ere beste bi eskuratu zituen: brontzea gizonezkoen 560 eta 600 kilokoetan. Eta domina bat eskuratu dute Berriozar eta Badaiotzekoek. Berriozarrek brontzezkoa gizonezkoen 23 urtez azpiko 600 kilokoan, eta Ione Elorza oñatiarraren Badaiotzek zilarra emakumezkoen 500 kilokoan.

Nazio mailan, Basque Countryk bost domina eskuratu ditu. Zilarrezko bat eta brontzezko lau. 23 urtez azpiko 600 kilokoan zilarrezkoa, eta emakumezkoen 500 eta 540 kilokoetan eta gizonezkoen 600 kilokoan eta 600 kiloko mistoan brontzezko garaikurrak poltsikoratu zituzten.

Ione Elorza Oñati Irratian

Astelehen arratsaldean iritsi zen Oñatira Elorza eta 48 ordu igarota, Oñati Irratiko estudioetatik pasa zen atzo eguerdian. Holandan bizi izandako esperientzia «oso berezia» izan dela onartu zuen eta era honetako txapelketa batean aritzen den aurreneko aldia ez izanagaitik, aurtengoa, guztietan bereziena izan dela adierazi zuen.

Arrazoia, Euskal Selekzio ofizial batekin lehiatu izana da. «Asko borrokatu dugu hau lortzeko eta egia esan momentu oso bereziak igaro ditugu asteburuan». Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:


Ione Elorza, Volendamen irabazi dituen hiru dominekin

No hay comentarios:

Publicar un comentario