martes, 23 de febrero de 2016

Aloña mendi txirrindularitza.50 Urte.2016

ok magazinea
2016-02-23 13:01:19
ASTEBURUAN AURKEZTU DITU SAILAK, EGITASMO GUZTIAK
50 urte luzez, pedalei eraginez
Oñatiko txirrindularitza zaleak zorioneko daude. Aloña Mendiko ziklismo sailak 50 urte betetzen ditu aurten eta horren harira, ekitaldi sorta berezia antolatu nahian dabiltza taldeko arduradunak. Larunbat eguerdian aurkeztu zuten egitarau guztia eta era berean, hastear dagoen errepideko denboraldian izango dituzten ziklista eta taldeak ere erakutsi zituen, Oñatiko plazan eginiko agerraldi jendetsuan.

Nolabaiet esateko, 1967ko maiatzaren 28an ospatu zen Arantzazuko Igoera izan zen Aloña Mendiko txirrindularitza sailaren sorrera ofiziala. Hori horrela, aurtengo maiatzean urrezko ezteiak ospatuko ditu elkarteko bigarren sail nagusienak -futbola da aurrenekoa-. 50 urteko ibilbidea, luzea eta emankorra izan da baina larunbateko aurkezpenean jakitera eman zutenez, Oñatin txirrindularitzari buruz aurkitu daitezkeen lehen erreferentziak XIX. mende amaierakoak dira. Ordutik hona, zaletasunik ez da inoiz falta izan eta era batera edo bestera, bizikletak eta ziklismoa beti izan dira herriko kirol egiturako elementu garrantzitsu.

Garaian garaiko zailtasunei aurre eginez, ahal zen neurrian txirrindularitza eta Oñati, beti egon dira elkarturik. Antolakuntzan zein kirol arloan, garrantzia handiko izenak bildu dira eta ekitaldi bat aipatzekotan, 1953ko Munduko ziklokros txapelketa aipatu beharra dago. Urrezko ezteietatik kanpo gelditzen den zita izan arren, Oñatin inoiz izan den kirol ikuskizunik jendetsuena izan da. Garaiko argitalpenek diotenez 40.000 pertsonatik gora elkartu zituen lokatz gaineko munduko ikuskizun garrantzitsuenak.

Kirol arloan, 24 txirrindulari

Klubaren historia luze honetan 300 ziklistatik gora pasa dira sailetik. Aurten baina, 24 txirrindulari izango ditu taldeak errepidean. Alebinetan bost, infantiletan zazpi, kadeteetan bost eta gazte mailan zazpi ziklista izango dira. Ulma eta Bizipoz kafetegia izango direlarik babesle nagusiak.

Era berean, klubetik kanpo arituko badira ere, Julen Umerez eta Garazi Erostarbe txirrindulariak, larunbateko aurkezpenean izan ziren. Lehena AMPOn arituko da, afizionatuetan debuta eginez eta bigarrena, nesken Caja Rural-Bidebide taldean; kadete mailan.

Oñatiko probak

Urtero antolatzen diren ohiko probez gain, sailak aurten ahalegin berezia egin du 2016a herriko lasterketei dagokienez . Hori horrela Aloña Mendik egutegi benetan potoloa -zazpi lasterketa- antolatu ditu aurtengo denboraldian zehar.

Martxoaren 19an (eskolartekoa), apirilaren 24an (Gazte mailako Gipuzkoa Klasikoa), Maiatzaren 7an (Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketa), ekainaren 4an: (Gazte mailako Arantzazuko Igoera), ekainaren 12an (Kadete mailako Olakua proba) Irailaren 10ean (Gazte mailako San Migel proba) eta azkena, irailaren 17an (Afizionatu mailako Oñati Saria). Larunbateko aurkezpenean adierazi zutenez, Arantzazuko Igoera 9 kilometro igoera soil bezala egingo den azken edizioa izango da aurtengoa. 2017tik aurrera, amaiera Arantzazun izango duen arren, lasterketa luzeagoa izango baita.

50 urteurreneko ekitaldiak

Urrezko ezteiak behar bezala ospatzeko, beste hainbat ekintza ere antolatuko dituzte. Oraindik datak erabat zehaztu gabe dauden arren, erakusketa bat, pare bat hitzaldi, bazkari herrikoia eta urte guzti hauen historia biltzen duen liburua argitaratuko dute udazkenerako. Zikloturistentzat ere izango da hitzordurik eta ekainaren 4an gazte mailako probarekin batera, edozein herritar edo ziklismo zaleentzat propio antolaturiko Arantzazuko igoera egingo dutela iragarri zuten.

Aurkezpen ekitaldian, herriko eta kanpoko agente garrantzitsu ugari elkartu ziren. Gurutz Aldalur Gipuzkoako Federazioko ordezkariak oroigarri bat eman zion Aloña Mendiri, ibilbide honetan egin duen lana aitortuz. Aloña Mendiko presidente Anton Inzak, Udaleko Kirol batzordeko buru Borja Moiuak eta urteetan Oñatiko txirrindularitza babesten ari den Ulmako ordezkari batek ere esker oneko hitzak izan zituzten saileko ordezkarientzat.

Tertulia Oñati Irratian

Larunbateko aurkezpena baliatuz, ziklisko saileko lagunak Oñati Irratiko estudioetatik pasa ziren atzo arratsaldean. Kepa Umerez presidentea eta Eneko Azurmendi liburua idazten ari den kazetari oñatiarra izan ziren gonbidatuak. Larunbateko aurkezpenaren berri eman bazuten ere, urte guzti hauetako errepaso bat egiten saiatu ziren ordubetez luzatu zen tertulian.

Era berean, sailetik irten diren bi ziklista garrantzitsuenekin hitz egiteko aukera ere izan zuten. Jon Odriozola eta Markel Irizarrek ez zuten hutsik egin nahi izan atzoko saioan eta beraien hasierak nolakoak izan ziren eta orduko hainbat gogoeta interesgarri azaldu zituzten. 

Hemen daukazue solasaldi guztia entzungai:


Saileko ordezkariak eta babesleak elkarrekin larunbateko aurkezpenean. Argazkia: Goiena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario