martes, 23 de febrero de 2016

BOXEOA OÑATIN.

2016-02-19 09:54:21
20 BAT LAGUN ARI DIRA INDAR GIMNASIOKO KLASEETAN
Etenaldi luze baten ostean, itzuli da boxeoa Oñatira
Kirola egin, kaloriak erre eta gorputza tonifikatzeko aukera berria ari da eskaintzen Oñatiko Indar gimnasioa. Lopabox elkartearen eskutik, Boxeo klaseak jarri baititu martxan otsailean. Euskadiko beste hainbat herritan bezala (Bilbo, Arrigorriaga, Osintxu, Soraluze...) orain, Oñatira iritsi da "arte noblea" bezala ezagutzen den kirola. Klaseetan dabiltzan bi ikaslek, Oñati Irratiko kirol tertulian hitz egin zuten astelehen arratsaldean.

1867an ezarri ziren Ingalaterran boxeo modernoaren oinarriak, John Douglas, Queensberry-ko markesak idatzitako hamabi arauekin, eta berehala mundu zabalera hedatzen hasi zen britaniarrek “arte noblea” bezala ezagutzen zuten hura. XX. gizaldiko lehen hamarkadarako boxeoak arrakasta handia zuen Amerikan eta Europan, klase guztietako zaleekin. Eta, hala, 1908ko azaroan jokatu ziren Bilbon lehen konbateak, Ingalaterratik ekarritako boxeolariekin.

Geroxeago beste herri askotan ere piztu zen boxeo zaletasuna eta Oñatin bertan ere, Boxing Club-a sortu zuen, Fidel Azkabide buru zuen gazte talde batek. Txaketua tabernaren atzeko aldean, eskailerak igota dagoen Arantzazu kaleko “etxe aundi”-ko behe-oinean egon zen boxing kluba gerra zibila lehertu arte. Bertan hasi omen zen boxeoa Oñatin. Udal artxiboan 1917koa da kirol honi buruz aurkitu daitekeen lehen aipamena. Ondoren, 1933, 1934 eta 1935ean berdura plazan boxeo konbateak antolatzeko baimen eskaerak ere aurki daitezke, Fidel Azkabide, Antonio Guridi, Julian Elorza eta Pedro Madinak egindakoak.

Argi dago beraz, Gerra aurreko urteetan zaletasun handia egon zela herrian. Urte askotako etenaren ostean, badirudi indartsu bueltatu dela Boxeoa herrira. Indar gimnasioaren ekimenez, Ixa Rodriguez Espainiako txapelduna gidari delarik, 20 laguneko taldea ari baita astean birritan, boxeoan lehen urratsak ematen.

Ikastaro arrakastasua

«Momentu hauetan 20 bat lagun ari gara klaseetan eta oso gustora gaude denok. Guretzat ohore bat da maila honetako irakasle bat izatea eta probatu nahi duenari, gimnasiora hurbiltzeko gomendioa egingo nioke» zioen Maria Peraltak. Oxel Urzelai ere klaseetan hasi berria da eta boxeo saioen osotasunari buruz hitz egin zuen: «Oso saio dinamikoak dira eta ordubetean gorputzek atal guztiak lantzen dira. Estresa kentzeko terapia bikaina da» zioen.

Kanpotik dauden aurreiritzi negatiboak baztertu eta oso kirol noblea dela azpimarratu zuten bi gonbidatuek. Lan saioak nolakoak diren, zer material behar den, helburuak...azaldu zituzten besteak beste, Peralta eta Urzelaik. Hemen daukazue tertulia guztia entzungai:


Bi herritar, asteazkeneko lan saioan

No hay comentarios:

Publicar un comentario